Agurra

Arratsaldeon eta ongi etorri denei. Mila esker prentsaurreko xume honetara etortzeagatik.

Jakingo duzuenez, Iñaki Beitiaren omenezko III. Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldia aurkeztu nahi dugu gaur prentsaurreko honen bitartez.

Hirugarren urtea da ibilaldi hau antolatzen duguna eta antolatzaileon nahia, asmoa, desioa, mendi ibilaldi honek, egiten diren beste iraupen luzeko mendi ibilaldien artean leku bat izatea da. Honetarako, beste urteetako esperientziatik abiatuta, ilusioz beterik, hainbat aldaketa eta berrikuntza egin ditugu aurtengorako. Hauen helburua antolakuntzan eta eskaintzen ditugun zerbitzuetan aurrera-jauzi bat eman eta hobetzea da, dena gure ibilaldi honek izen eta ospea izan dezan, Iñakik hori merezi zuen eta.

Aurrerago aurkeztuko dítugun aldaketa eta berrikuntza horien artean prentsaurreko hau dago. Egokia iruditu zaigu horrelako gertakari batek behar duen oihartzuna izan dezan, era honetako ekitaldia egitea eta herri guztiari berria zabaltzea.

Gehienok ez dugu behar handirik izango, beti eta batez ere azken lau urte hauetan, Iñaki gurekin izan dugulako. 1996ko uztailaren 15 hartatik askotan begiratu dugu Aizpurutxotik pasatzerakoan R11 gris iluna bere etxe atarian ote zegoen. Gure eguneroko eginkizunetan bere hutsunea somatu dugu, baino baita ere bera eta berak erakutsitakoa beti gogoan izan ditugu. Esan dudan bezala, ez dugu behar handirik izango, baina mendi ibilaldiaren aurkezpenarekin hasi baino lehen, Iñaki zena ekarri nahi dugu gogora.

Ibilaldiaren aurkezpena

Hilabete honetako hamaseigarren egunerako antolatu dugu Iñaki Beitiaren omenezko mendi ibilaldi hau. Aurten ere bi ibilbide prestatu ditugu, bata luzea, nagusia, eta bestea laburra, inor parte hartzeko aukerarik gabe gera ez dadin.

Ibilbide nagusiarekin hasiz, aldaketa eta berrikuntza batzuk egitea erabaki dugu. Aurrekoetan etorri izan direnak ohikeriatik, monotoniatik ateratzeko eta toki berriak ezagutu ditzaten, egokia iruditu zaigu beste ibilbide bat burutzea. (Gure inguruak aukera ematen duenez, beste edizio batzuetan ere, ibilbidean aldaketak ezartzea aztertzen ari gara —Irteera-helmuga puntuak, kontrolek, nondik norakoa...)

Aurten, irteera eta amaiera puntuak Areizaga-Kalebarren enparantzen izango dira. Hortik, Goiko Txabola aldera jo beharko dute partehartzaileek. Trapalata eta Aizelekuko magaletatik igaro, Otañu tontorra zapaldu eta Mirandaola pasaz, Korostiagara igo. Arrolamendi, Lakiola, Deskarga gaina, Santa Barbara, Irimo, Zazpi Puntak, Trekutz (Meaka). Aizpurutxotik, nola ez, Oletako gurutzera eta berriz Areizaga-Kalebarrenera.

Guztira 46,5 Km. ditu eta desnibel gehitua 2.071 m-koa da. Irteera 06:00etan izango da eta 10/12 ordu behar izango dituzte mendizaleek ibilbidea burutzeko.

Ibilbide laburrak berriz, 18,5 Km. ditu eta desnibel gehitua 1.120 m-koa da. Irteera goizeko 08:00etan izango da eta 5/6 ordutan egin daiteke. Hasiera eta bukaera ibilbide nagusiaren leku berean izango dira. Areizaga-Kalebarren enparantzatik Santa Barbarara igo beharko dute partehartzaileek, han ibilbide luzearekin bat egiteko.

Ibilbidean zehar egongo diren zazpi kontrol postuetan (irteeran, Otañun, Korostiagan, Irimon, Aizpurutxon, Oletan eta helmugan), irteeran banatutako txartelak zigilatuko dira. Honez gain, indarrak berritu ahal izateko, lau anoa-postu egongo dira, Mirandaolan, Lakiolan, Trekutzen eta Aizpurutxon.

Urtero bezala Gurutze Gorriko bolondresek unitate mugikor bat antolatuko dute, nahi ez genukeen istripuren bat gertatuko balitz atenditzeko. Gainera, segurtasuna ahalik eta gehien ziurtatu nahian, kontrol gune eta anoa-postu guztiak telefono mugikorrez kontaktu zuzenean izango dira antolakuntzaren gune zentralarekin eta Gurutze Gorriarekin.

Aurten lehenengo aldiz masajistak eta. dutxak jarriko ditugu. Masajistak Santa Barbaran, Aizpurutxon eta amaieran kokatuko dira. butxa suspergarri bat nahi duenak berriz, Ederrena pilotalekuan izango du aukeran.

Irteera eta helmuga puntu izango den Areizaga-Kalebarren enparantza girotzeko asmoa ere badugu. Horretarako herriko hainbat talde, erakunde eta pertsonekin harremanetan jarri gara eta erantzun ezin hobea jaso dugu. Han izango ditugu eguerdi eta arratsalde partean txalapartariok, bertsolariak, trikitilariak, txistulariak... eta hauek ez daudenean megafonia erabiliko dugu.

Izen ematea, maiatzaren 14era arte Aldiri Kiroldegian, Ostadar Mendi Taldean edo Lankide Aurrezki Kutxan, 027.0.03091.4 kontu zenbakion egin daiteke. Maiatzaren 16an, ibilaldia hasi aurretik ere egin ahal izango da. 1.000 pezeta ordaindu behar da eta parte hartzaile bakoitzari, oroigarri gisa, kamiseta bana emango zaio irteerako kontrol postuan.

Amaitzeko ez ditugu aipatu gabe utzi nahi antolatzaileak, Aldiri Kultur Elkartea, Goierri Kirol Elkartea, Ostadar Mendi Taldea, Urretxu-Zumarraga Ikastola eta Zintzo-Mintzo Euskaltzaleen Elkartea, izugarrizko laguntza eskaini diguten beste hainbat erakunde eta talde.. Inor ahaztuko ez dugulakoan, mila esker: Urretxu eta Zumarragako Udalei, Gurutze Gorriko bolondresei, Goierriko Masaje Eskolari, Eroskiri, Txalapartari taldeari, trikitilariei, bertsolariei, txistulari taldeari, Lakiola eta Trekutzeko egoitzak utziko dizkiguten lagunei, Aizpurutxoko bizilagunei...

Iņaki Beitia oroituz

Oroipen txarreko 96.eko udarako egun haietan, Iñakitaz gauza asko esan ziren, denak egi. Aberria eta herria maite zituen euskaldun eta euskaltzalea zen Iñaki. Mendiarekin zerikusia duten kirol gehienak zituen gogoko. Irakaskuntzarako dohain berezia zuen... Baina oraingo honetan bere izaeraren beste arlo bat nabarmendu nahi dugu- bere jatortasuna!

Murgildu zen esparru guztietan, irakaskuntzan, kirolean, euskara eta bertsoen munduan, politika mailan... beti agertzen zen lanerako prest. Ez genuen inoiz, ezertan, "paso" egiten ikusi. Benetako adiskidea zen lanerako eta parrandarako. Jendearenganaino erraz iristen zen, harremanetan garbia, frankoa, itxurakeriatan ibiltzen ez zena. Edozein ideologia, maila-sozial, desberdintasunen gainetik, laguna izaten saiatzen zen. Horregatik berarekin zerikusia izan zuen edozeinekin ongi konpontzen zen. Bere kutsua, bere ikutua, denean eta denengan uzten bazekien. Adibide garbia hemen dugu. Ibilaldi hau antolatzeko erakunde eta pertsona guztiz desberdinak elkartzen gara. Normalean zerikusi eta harreman gutxi izaten dugunak, baina Iñakiren izenak eta oroimenak elkartzen gaitu eta nola gainera!

Hau da Iñakik, beste askoren artean, erakutsi zigun gauzetako bat, desinteresaturik besteengatik, herriarengatik lan egitea. Alderantziz izan balitz, gutako edozein falta izan balitz, bera hemen izango genuke, lehenengo ilaran, beste guztiongandik tiraka eta guk ere ezin diogu hutsik egin.