Aurtengo edizioa

Ohi legez, aurten ere mendi ibilaldia Goierri, Deba Garaia eta Urola-Kosta eskualdeen artean zabalduko da eta aukera ezin hobea ematen du bertako inguruak ezagutzeko. Bi ibilbidez osaturik dago (laburra eta luzea), bietako batean parte har daitekeelarik.

Ibilbide luzea
Ibilbide luzea
Ibilbide luzea
Ibilbide luzea
Irteera ordua
6:00
Luzera (Km)
52.82
Gainbehera (m)
2.505
  • Ibilbide luzea. Ibilbide luzeak Urretxu eta Zumarragak partekatzen duten Areizaga-Kalebarren enparantzan izango du irteera puntua 06:00etan.

    Irteera Areizaga-Kalebarren enparantzatik egingo da. Martxa luzearen mendizaleok Legazpi herrira garamatzan bidegorrian haren osotasunean, ibiliko gara eta azkenik herrira iristean, Urtatzako auzotik gora eginez Arranoaitz (903 m) eta Arrolamendi (910 m) gainetarantz zuzenduko gara gainaldea bilatuz. Azkeneko gain hauetatik Lakiriolako parajean kokaturik dagoen Kimuberri aterpera jaitsiko gara —bertan lehendabiziko anoa-postua aurkituko dugu. Bertatik, Deskarga mendatera jaitsiko gara, errepidea zeharkatu eta ondoren aurrean dugun Irimo (896 m) eta haren Zazpi Puntak bisitatzeko. Trekutzeko lepora jaitsiko gara gero (anoa-postu likidoa bertan) eta aurrerago Gorla (667 m) eta Santutxurantz jarraituko dugu —anoa-postua normala dago azken paraje honetan. Hemendik goranzko bidea egin beharko da, Irukurutzeta (899 m) eta Elosumendi (863 m) izeneko gainetara igo beharko dugu, ibilbidearen iparreko muturrean jarriko garelarik. Azkeneko gain honetatik Aizpurutxora jaitsiko gara gero, Iņaki sorlekura, eta ohi bezala, bertan prestatu dugun anoa-postu apartaz gozatu ahal izango dute bertara iristen diren partaide guztiek.

    Anoa-postua utzi eta Oleta lepora eta Samiņo (932 m) gainerantz abiatu beharko dugu partaideek. Hemendik Pagotxoetarantz jaitsiko gara, eta Pagolako txabolaren inguruetan Kortaberri, Leturia eta Igaraberri baserrietarantz jaitsi beharko dugu, ondoren, bidegorria hartuta Areizaga-Kalebarren enparantzara iristeko, horrelaxe azkenik ibilbide luzeari amaiera emanez.

    52 kilometro inguruko luzera eta 2.500 metroko desnibela eskaintzen duen ibilaldia.

    • Kontrolak. Ibilbide luzearen kontrolak halako guneetan jarriko dira: Areizaga-Kalebarren plaza (hasierako kontrola - txartela zigiluztatuta emango dizugu), Arranoaitz gaina, Irimoko gurutzea, Irukurutzeta gaina, Aizpurutxo frontoia, Samiņo, eta amaiera gisa, berriz Areizaga-Kalebarren plaza.

    • Anoa-postuak. Ibilbide luzearen anoa-postuak ordea, ondorengoak... Kimuberri (Lakiriola), Santutxu, Trekutz (anoa-postu likidoa), Aizpurutxo, Oleta lepoa (anoa-postu likidoarekin), eta amaitzeko Areizaga-Kalebarren plaza. Ibilbidean zehar aurkituko diren iturrien berri fitxa teknikoan aurkituko duzu.

  • Ibilbide laburra
    Ibilbide laburra
    Ibilbide laburra
    Ibilbide laburra
    Irteera ordua
    8:00-8:30
    Luzera (Km)
    26.95
    Gainbehera (m)
    1.440
  • Ibilbide laburra. Ibilbide laburrak ere Areizaga-Kalebarren enparantzan izango du abiapuntua. Elkartzen garen lagun kopuru handia kontuan izanik, aurtengoan ere irteera mailakatua 08:00ak eta 08:30ak bitartean egin ahal izango da irteera. Urretxu eta Zumarraga arteko Areizaga-Kalebarren enparantzatik, bidegorria jarraituz Isabelgo zubiraino jarraituko dugu, eta bertatik Urretxu-Zumarragako Ikastolaren bidea hartuko dugu bertatik igoko baikara Santa Barbarako gunera. Hemendik, Ipeņarrieta Jauregiaren atzetik Irimoko gurutzerako (896 m) bidea hartuko dugu... haren Zazpi Puntak korrituko ditugu azkenik Trekutzeko lepora jaisteko (anoa-postu likidoa bertan). Ondoren etorriko dira Gorla (667 m) eta Santutxoko parajeak. Santutxutik Elosurantz jarraituko dugu azkenik, bertatik Aizpurutxo auzora jaisteko, Iņaki Beitiaren sorlekua hain zuzen. Aizpurutxoko frontoian anoa-postu handia jarriko dugu, giro aparta batzen duen gunea bertatik igaroko baitira bi martxatan parte hartzen dituzten mendizaleak.

    Indarrak errekuperatuta, Aizpurutxo auzoa utzi eta Oleta lepora eta Samiņo gainera (932 m) igoko gara; azken honetatik Pagola txabolarantz hartuta, txabola ondoko bidea hartuko dugu Kortaberri, Leturia eta Igaraberri baserrietarantz jaisteko. Azkenik, bidegorria hartuta, partehartzaileok Areizaga-Kalebarren enparantzara iritsiko gara berriz, ibilbideari amaiera emanez.

    Guztira, 27 bat kilometro eta 1.450 metro inguru dituen ibilbidea.

    • Kontrolak. Ibilbide laburraren kontrolak halako puntutan jarriko dira: Areizaga-Kalebarren plaza (hasierako kontrola - txartela zigiluztatuta emango dizugu), Irimoko gurutzea, Aizpurutxoko frontoia, Samiņo gaina eta amaierako puntua Areizaga-Kalebarren plaza.

    • Anoa-postuak. Ibilbide laburraren anoa-postuak ordea, ondoko puntuetan kokatuak izango dira... Trekutz lepoa (anoa-postu likidoa), Aizpurutxoko frontoia, Oleta lepoa (anoa-postu likidoarekin) eta amaierako Areizaga-Kalebarren enparantza. Ibilbidean zehar aurkituko diren iturrien berri fitxa teknikoan aurkituko duzu.

Gogoratu, ibilbide luzea goizeko 6:00etan irtengo dela. Ibilbide laburrerako irteera goizeko 8:00ak eta 8:30ak artean izango da.


Segurtasuna

Segurtasuna dela-eta, Gurutze Gorriaren laguntza estimagarria ziurtatuta dugu: euren lur-orotarikoarekin kontrol-gune desberdinetatik igarotzen dira, beren lana beharrezko bada istripuaren tokira hurbiltzearren. Bai unitate mugikor hau, baita gainontzeko kontrol-guneek antolakuntzaren gune zentralarekin sakelako telefonoz kontaktu zuzenean izango dira. Segurtasun arau hauetaz gain, behar izanez gero, edozein partehartzaile osasun-zentrora zein herrira jaistearren, kontrol-gune guztietan beharrezko izan litezkeen ibilgailuak izango dira.


Berrikuntzak
Samiņo gaina
Samiņo gaina
— ©  Santi Usabiaga—
Egin klik handiago ikusteko
(214,196 byte)

Aurten ospatu behar dugun ibilaldiak zenbait berritasun ere badakar:

  • Ibilbidearen aldetik, aurten ere ibilbide zati berriak ditugu. Ibilbide luzeari dagokionez, lehendabiziko urtea da Urretxu-Zumarragatik Legazpira bitarteko bidegorri osoa korrituko dugula... hala ere, ibilbide luzean berrikuntza bat Legazpi herritik, Urtatza auzotik abiatuta, Arranoaitz mendira egingo dugun igoera da... orain arte gure ibilbideetarako inoiz erabili ez duguna. Ibilbide honetan bigarren berrikuntza Pagola lepotik hasi eta Kortaberri, Leturia eta Igaraberri baserrietatik beherako jaitsiera izango da... ibilbide luzeko partaideek inoiz egin ez dutena.

  • Ibilbide laburrari dagokionez, Lizarriturrirainoko igoera nabarmenduko dugu... Ipeņarrieta Jauregiaren atzealdetik irteten den bidea jarraituz. Joan den urteko ekitaldian gora igotzeko erabilitako bidetik behera egingo dugu aurtengoan.

Halaber, aurreko urteotan izandako berrikuntzak izaten jarraituko ditugu...

  • Ibilbide laburrarentzat irteera zabala egiten jarraituko dugu. Antolakuntzaren aldetik, berritasun bat ekarri genuen 2008ko edizioan. Ibilbide laburreko partaideak erosoago atera zitezen irteera-ordua 8:00etan mugatu beharrean 8:00ak eta 8:30ak artean zabaldu genuen. Aurten ere, ordu-erdi horren barruan atera ahal izango da ibilbide laburrari dagokionez.

  • Aurten ere, aurreko urteko zerbitzuen maila mantendu behar dugu. Kanpotik etortzen direnenentzako lo egiteko tokia eta dohaineko gosaria eskainiko diegu. Lo egiteko lokal handi eta zabala badugu (Urretxuko Lizeoaren azpian) eta bertan kokatuko dira behar diren koltxoiak mendizaleentzako. Lo-zakua baino ez da behar izango bertan lo egiteko. Lokala larunbateko arratsaldeko 19:30etatik aurrera izango da irekita mendizaleei harrera egiteko. Guk antolatutako tokian lo egiteko asmoa baduzu, Internet bitartez izena-ematean (erregistratzeko atalean) gu aurretik jakinaraztea eskertuko dizugu, horrela lo egiteko zenbat jende izango dugun jakingo dugu-eta. Internetez ez bazara inskribitzen eta lo egiteko asmoa baduzu, mesedez, posta elektronikoz edo pertsonalki jakinaraz iezaguzu. Bestalde, ordainpeko ostatu batean lo egin nahiko bazenu, ostatu eta jatetxeen zerrendan aurkituko duu behar duzun informazioa.

  • Eta azkenik, aurten ere, aurreko urtean egindako inkestan jasotako hobekuntzak kontuan hartu ditugu. Gauzak ondo egin behar direlako. Gure blogean informatzen jarraitzen dugu. Guk ere zure iritzia jaso nahi dugu. Hori dela eta, mendi-martxari buruzko blogean parte har dezazun gonbidatzen zaitugu.