Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...
Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...
Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.
Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.
Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)
Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)
Gune guztiak (kokapenaren arabera)
Gune guztiak (tipologiaren arabera)
... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ... —Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—
Oleta-Izazpi [28 sarrera]
Egun Zumarragako auzoa. 1989. urtea arte Azkoitiko udal-barrutian kokatzen zen. Bertan ziren baserriak (Arkidi eta Mandabideta izan ezik) Zumarragako kontzejuari lotu zitzaizkion administratiboki. Bere kokapena mendiaren hegian goian izanik, argi ikus daiteke nolako harremanak zituen Azkoitia eta Aizpurutxo aldeko baserriekin Oleta menditik haratago, baita Urretxu-Zumarragarekin ere.
Joxeluis Ugarte legazpiarraren arabera, auzo honi dagokion izena Agiñaga da, eta halaxe dokumentatu zuen 1998an Zintzo-Mintzok eskatutako Urretxu-Zumarragako toponimia lan-ikerketa mardulean, Euskaltzaindiak "Onomasticon Vasconiae" bildumako 18. zenbakia jasoko zuenean.
Horrelaxe dokumentaturik agertzen da lan honetan Agiñaga sarrera:
Toponimoa: AGIÑAGA
Kontzeptua: 10106 / Baserri-auzoa
Iturriak: 1768: HIPO1 (1.or) / "Varrio de Aguinaga"
1877: ZUA5 / "Barrio de Aguinaga"
Ebakera: agíñá
Jose Mari Aranguren (Agiñagabarrena baserria), 1995
Kokagunea: 88-21
Adierakideak: AgiñagasOharrak: Agiñaga auzoa, XVIII. mendean, Azkoitiko udalerrian zeuden lau baserrik osatzen zuten ("cuatro caserías nombradas Aguinagas", 1752, ZUA6). Honako hauek izango ziren seguruenik: Abendaño, Agiñagabarrena, Muxika eta Urdanbideta. Martiamuno baserria geroztikoa dela dirudi. XVIII. mendearen bukaera aldera eta XIX. mendearen hasieran, ordea, baserri gehiago eraiki ziren auzo zaharraren inguruan, hala nola: Aietsubaso, Arkidi,Errepelde, Mandabideta, Mugarrieta, Okorro, Urruzti, Txerren, Zumakorta... baserri berri horiek Agiñaga auzora bildu zirela esan daiteke (elizako eginkizunetan, besteak beste), nahiz eta udalerri bitan (Azkoitian eta Zumarragan) banatuta egon.
2,45 metroko garaiera duen eskultura hau galdatutako brontze patinatuz landua dago eta hamabost zentimetroko idulki batean, brontzezko oinarri baten gainean, kokatzen da, Agurtzane Iturberen diseinuaren arabera. Aginaga auzoan kokatuta dago, eta aizkolari guztien omenez izanda ere, bereziki auzo horretan bizi zen Jeronimo Iturbe Legorburu, Agineta-ri eskainita dago. 2003ko azaroaren 9an inauguratu zen.
Anjel Etxeberria mendizale zumarragarraren oroimenezko monolitoa, 1980ko abuztuaren 11n Lleidako Pirinioetan zendutakoa.
Ezagut ditzagun apur bat Anjel Etxeberriaren -Antxon- bizitzaren xehetasunak. Anjel Etxeberria Zumarragan (Gipuzkoa) jaio zen 1945eko urriaren 1ean. Bere lehendabiziko mendizaletasun urratsak zuen perretxiko-bilketa jardunetik etorri zitzaizkion, mikologia zalea baitzen gure laguna. Beti OARGUI-Izaspi (Organización Atlética Recreativa de Guipúzcoa) taldeko partaide eraginkorra izanik, herriko ekitaldi eta jardunaldi kultural anitzetan hartu izan zuen parte-izan ere, garai haietan oro har, mendizale giroan murgilduta zebiltzan lagunak ziren bestelako -menditik at- ekitaldi askotan parte hartu zuten lagunak.
1980ko abuztuaren 11n, Antxon -horixe baitzuen ezizena- herriko beste lagun batekin Lleidako Pirinioetako Ipar Besiberri tontorrera igo zen. Eta jaitsieran jasandako istripuaren ondorioz heriotza jaso. Hilotza Barruera herrira jaitsi zuten, eta bertatik Zumarragako bidea hartu.
Urte bereko abenduaren 23an, Anjel Etxeberria "Antxon"-ek OARGUI-Izaspi mendi-taldeko lagunen partetik omenaldia jaso zuen. Eta 1981eko maiatzaren 24an, Finalistaren Egunarekin bat egiten den festa-egun berean, Izazpi mendiko gurutze txikiaren ondoan bere omenez monolito bat jarri zitzaion.
Eta nabarmen genezakeen bere ezaugarrien artean, berak lagundu eta antolatu zituen horrenbeste haur-txango dira: herriko haurrak mendira eraman zituen, mendiaren sustapenerako hain garrantzitsua den mendi-eskola hori sortuz.
Eta horrexegatik, 1988. urtean "I. Anjel Etxeberriaren omenezko Haur Ibilaldia" antolatu zen, eta honen ondoren etorri dira gaur egun arte beste hainbeste edizio gehiago.
Mendi martxa 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako zuzenduta dago, eta Ostadar Mendi Taldeak bere Mendi Astearen barruan antolatzen dituen ekintzen egutegiaren barruan dago. Haurrek, gurasoek eta irakaslek ezin hobeto pasatzeko aukera ematen duen mendi-ibilaldia da hain zuzen.
Iruarrieta megalitotegiko tumulua, 1985ean aurkitutako hileta-monumentua. 0,60 m-ko altueraz, 6,20 m luzera du I.-H. diametroan eta 7,10 m E.-M. diametroan. Erdiko kraterraren diametroak 2,60 m neurtzen du. Bertako basaltoak.
Iruarrieta aztarnategiko megalitoa, Neolito-Brontze arokoa. Azkoitiko Arzabalgo bizkarrean kokatua, Agirrezabalaga (Arzabal) baserritik 240 m IErantz Maritirieta auzoan. Tumulua, 10 m. diametrokoa I-H eta 12 m E-M norabidean. 1,50 m-ko garaiera du. IIE-HHMko norabidean zeharkatuta dago 2 m zabalerako eta 0,40 m-ko bataz besteko sakonerako zanga batez. Bertako basaltoak. J. M. Arruabarrenak aurkitu zuen 1988an. Ez da industu.
Oleta-Izazpi megalitotegiko tumulua. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 0,40 eta 0,50 m bitarteko garaieraz, 7 m-ko luzera du I.-H. diametroan eta 8,70 m E.-M. diametroan. Bertako basaltoak.
Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1980an aurkitutako hileta-monumentua, Azkoitiko udal-barrutiaren barruan kokaturikoa. Trikuharria, tumulua eta ganbara nahasiak ditu. Tumulua, 0,25 m-ko altuerakoa da, 13 m-ko luzerako diametroa duelarik. Bertako basaltoak eta kareharrituparritsuak.
Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1987an aurkitutako hileta-monumentua da. 1,30 m-ko altuera eta 13 m-ko diametroa du. Bertako basaltoak.
Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1979an aurkitutako hileta-monumentua, Azkoitiko udal-barrutiaren barruan kokaturikoa. Trikuharria, baso-pista batek nahastua, hondatua eta zeharkatua dago. Egun, tumuluak 30x15 m-ko neurria du eta 2,10 m-ko altuerakoa da. Bertako basaltoak eta kareharri tuparritsuak.
Dirudienez, 1979-1980 urteen inguruan hondeamakina batek monumentua nahastu zuen, ustezko altxorren baten bila-edo. Euskal sineskerian dagoen 'Urrezko kanpaia'ren mitoa, hainbat aldiz trikuharriekin eta bestelako megalitorekin lotutakoa, izan daiteke trikuharria erabat suntsitua uztearen arrazoia.
Zorte handia dugu Urretxu-Zumarragan inguruan ditugun paraje, mendiak eta tontorrak izateaz, bai horixe! Horren ondorio garbia Beitia-Martxak urtero-urtero ibilbide berriak aldatzeko aukera izana da. Urretxuko mendia, zalantzarik gabe Irimo dugu, eta denok ezagutzen ditugun Zazpi Puntak paraje ezin ederrago dira. Zumarragari dagokionez, tontor edo gain aukera zabalagoa dago, Zumakortaburu, Samino, Izazpi, Beloki eta Argixao tontor aldea Zumarragako udal-barrutiaren barruan parte batean edo osorik dituzten gainak direlarik. Dena dela, zalantzarik gabe, hauetatik guztietatik (gaina eta gurutzea Zumarragako udal barrutian ez baditu ere) Zumarragako mendia Izazpi dela esan dezakegu. Izazpi du honek izena… edo Izazpe beharko luke?
Irakurleak ez du agian jakingo, baina kontua da orain dela gutxi arte Euskaltzaindiak gure mendiari eman dion izen ofiziala, Euskal Herriko mendi nagusiei ematen diena, IZAZPE izan dela, Urretxu-Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko biztanleontzako ezagun eta erabilia zaigun IZAZPI izan beharrean.
Baina zergatik Izazpe? Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, Izazpi mendiak nolabait izen ofiziala "Izazpe" izena jaso izana Euskal Mendi Federazioak 1990ean argitaratutako Mendi Katalogoaren edizioan koka dezakegu. Geroztik aurrera, mendia Izazpe izenarekin mendi ezaguna bihurtu da, eta zalantzarik gabe, azkeneko bost-hamar urteotan Irternet-ek zabaldu du han-hemenka Izazpe bariante berri hau Euskal Herrian zehar.
Aurtengo maiatzaren erdialdean, Ostadar Mendi Taldeko eta Zintzo-Mintzo taldeko kide batzuk mendiaren izenaz kezkaturik kontu hau aztertzea erabaki genuen… nola ote zen posible Azpeitiko herriko mapan (2007ko apirileko argitalpenean), IZAZPI azaldu izana, eta beheraxeago txikiz "Izazpeko gurutze zaharra" jartzea, Ezkio-Itsasoko mapan (2000ko azaroan argitaratutakoan) IZAZPI agertzen bazen?
Hori dela eta Jose Luis Ugarterengana jo genuen, berak osatu baitzuen 1998an Zintzo-Mintzok eskatutako Urretxu-Zumarragako toponimia lan-ikerketa mardula, Euskaltzaindiak "Onomasticon Vasconiae" bildumako 18. zenbakia jasoko zuena. "Urretxu eta Zumarragako toponimia" lan honetan, 334. orrialdean Izazpiri dagokionez, hauxe idatzi zuen Jose Luisek:
—1833. urteko beste agiri batean horrela azaltzen da: "/Argomal de Ysaspi, en el parage llamado Narrucoi/"
—1889. urteko beste agiri batean: "/Monte llamado Yzazpi/"
—1998. urtean Leturiondoko Bautista Alberdik //isáspí// ahoskatzen du.
Toponimia lanean aipatutako idatzizko daturik zaharrena 1833koa bazen, Jose Luisek toponimia-lana argitaratu eta gero, 1529. urteko "Amojonamiento de los términos de Velerayn entre Azpeitia e Çumarraga" izeneko dokumentuan honako esaldiak topatu zituen:
—(1529): "/el dho çerro llamado Yçaspi/"; "/en el termino llamado Yçaspi ydoya/"... (euskara zaharrean idoia-k baltsa edo putzua esan nahi du, eta zalantzarik gabe bi gurutzeen artean diren putzuen aipamena egiten du).
Datuokin, Euskaltzaindiko Patxi Galérekin jarri ginen harremanetan, Euskaltzaindiak mendiaren izena berraztertu zezan eskatuz, gure iritziz arrazoi nabariegiak eta argiegiak zirelako mendiari Izazpi izena emateko (azken 500 urtetan gure isurialdean mendiari beti-beti "Izazpi" izena (z-s grafien gorabehera) eman zaiolako).
2008ko apirilaren 10ean Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen bilera izan zen Altsasun eta, gai-zerrendan agertzen ez bazen ere, Izazpi edo Izazpe kontu hau aztertu zuten. Aztertu eta ebazpen berria eman ere bai. Egun horretatik aurrera Izazpi mendiari dagokion izen ofiziala IZAZPI da. Jose Luis Ugartek aurkeztutako proposamen batzuk ere aztertu ziren, eta bostetik bi ontzat eman zituzten: Aizelekua-ren partez AIZALEKU onartu zuten, baita Juanastegi-ren partez JOANAZTEGI kalearen izena onartu. Zumarragako Aginaga auzoari izena Aginaga-ren partez AGIÑAGA ordea jartzea ez zuten onartu (kasu honetan Jose Luisek Urretxu-Zumarragako toponimia liburuan argitaratu zuen proposamena aurkeztu zuen).
Euskaltzaindiak webguneko sarrera ekain aldera eguneratuko zuela esan bazuen ere, uztail aldera egin zuen, tartean, Urretxuko mapa berria argitaratu eta Izazpi gainari dagokion lurralde tartetxoa Izazpe izenarekin agertu dela. Dagoeneko informazioa Euskaltzaindiko webgunean eguneratuta badago ere (http://www.euskaltzaindia.net/eoda/), etorkizunean eguneraketa bestelako iturrietan, esate baterako Euskal Mendi Federazioko Mendien Katalogo berrian, gauzatu dadin nahi genuke, izen zaharrak dagokion tokia berrartu dezan.
Lerro hauen bitartez Jose Luis Ugarteri gure eskerrik beroenak berreman nahi dizkiogu, berari esker zuzendu baita mendiak jaso behar zuen izena.
Eta hemendik aurrera lan handia geratzen zaigu Izazpik prentsa-agiri eta Internet dokumentu askotan agertzen den bezala, Izazpe albo batera utzi eta bere izena, Izazpi berreskura dezan... Denbora kontua da, prozesua martxan dago-eta.
Josu Aztiria eta Jon Mikel Intsausti
Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Ostadar Mendi Taldearen izenean
2008ko irailaren 18an.
Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).
Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.
Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran
Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).
Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).
Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).
Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).
Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).
Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).
Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).
Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).
Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).
Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).
Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).
Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).