Iñakiren omenezko txartel-ontzia

1996ko uztailaren 15ean Iñaki Beitiak utzi gintuen, Oletako parajeetan bizikletaz zebilen bitartean.

25. urteurrena hurbiltzen ari zela, geroztik bere oroimenez egiten den ibilaldiaren antolatzaileok txartel-ontzi bat jartzea erabaki genuen Oñamendiko tontorrean, Oletako lepotik gertu. Txartel-ontzian koaderno bat utzi genuen nahi duenak bertan gustukoa idatz zezan. Eta dagoeneko jende askok egin du.

Eskerrak eman nahi dizkiegu ekintza horretan parte hartu duten guztiei, Aitor eta Lierni Goia diseinatzaileetatik hasita, Iñaki Mendiarazen eraikuntza, Serinoskiren inpregnazioa, Piñe eta Josetxoren instalazioa, lurraren jabeen baimena, Joxeluis Ugarteri toponimian ahal den zuzenen landu eta informazioa emateagatik... Ibilaldiaren edizio honetan (24. edizioa, bi urtez egin gabe egon ondoren) tontor eta txartel-ontzi horretatik igaroko gara. Iñaki gogoratzeko beste arrazoi on bat.


Txartel-ontzia (Carlos Mediavilla - 2022)

Mendia arnasa [Bideo]

Zuei entzunda, etorri zait burura
badela esaldi bat...
Herria dela gorputza eta Hizkuntza bihotza
agian Iñaki [Beitia] eta Xabierren [Ortiz de Luzuriaga] kasuan
esaldi horri beste bat erantsi beharko genioke
Herria da gorputza, Hizkuntza bihotza eta Mendia arnasa.

Arnasa galdu zuten leku eta momentuan
ingurukoak ere arnasik gabe geratu zineten
baina egunero oroitzapenei
birikak ematen diharduzue
antolakuntza lan bikainean.

Mendi-ibilaldi eta bizikleta-martxan, orotan bezala,
antolakuntzan ere batzuk aurretik doaz, bidea irekiz,
atzetik datozen horiei lagunduz,
konpromezuari mendiko maldarik gogorrenari baino
beldur handiagoa diogun garaiotan,
ikusi besterik ez dago gazteek
zer nola igotzen duten erantzunkizunaren maila hori.

Monolito bat Xabierren oroitzan
eta postontzi bat Iñakiren gorantzan
eta bi familia ahanzturan ez geratzeko esperantzan.

"Karta bat idatziko dut norbaitek erantzun dezan"
dio Habanera ezagunak,
hauek postontzi bat jarri dute
norbaitek idatzi dezan.

Bide on!

--

Amaia Agirre
Biba Zuek! (2024-05-16)


Txartel-ontzia