Leku interesgarriak

Informazioa

Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...



Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.

Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.

Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)

Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)


Gune guztiak (kokapenaren arabera)


Gune guztiak (tipologiaren arabera)




... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ...

—Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—

Responsive image

Oleta-Izazpi [28 sarrera]

Hasiera  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 2 / 3) |  Hurrengoa  |  Amaiera

 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Izazpi eta Izarraitz mendien arteko elkarrizketa

Bada kondairatxo bat, Izazpi (kontuz!, bere izena ez da ez Izaspe, edo Izazpe, idazlan askotan agertzen den bezala) eta Azpeitia eta Azkoitia gaineko Izarraitz mendien izenen jatorria zein den azaltzen duena.

Dirudienez, bi mendiok haserre zeuden eta, halako batean Izazpik Izarraitzi galdetu omen zion:

- Eta hi, zer haiz? - Izarraitz izena (Hi-zer-haiz)-tik sortuko litzateke.

Izarraitzek halaxe ihardetsi zion:

- Hi, zazpi! (Hi zazpi aldiz) - Izazpi izena, ordea, (Hi-zazpi)-tik sortuko litzateke.

 
Oleta-Izazpi :: Parajeak
Izazpi idoia - gainaldeko putzuak
 
Oleta-Izazpi :: Monumentuak
Izazpiko gurutze zaharra

Izazpiko gurutze zaharra.

 
Oleta-Izazpi :: Monumentuak
Izazpiko gurutzea

Izazpi tontorrean (973 m) 1948an eraikitako porlanezko gurutzea dago. Goierri eskualdeko eta Urola bailarako ikuspegi ezin hobea. 1998ko ekainaren 28an, Izazpi gurutzeko L. urteurreneko festa egin genuen.

 
Oleta-Izazpi :: Monumentuak
Joxe Mari Etxanizen omenezko monolitoa

Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkarteko sortzailea, Zumarragako Udaleko Euskara Teknikaria, 1999ko urriaren 13an zendu zen. Euskararen aldeko lan handia egin zuen kidea... bere omenez Zumarragako baserritarek Pagotxoeta gaineko muinoan monolitoa jarri zuten.

Baserritarra, euskaltzalea
hitz eta ekintzen uztarri
seme zintzoa, senar jatorra
eta aita maitagarri.

Zure izaera ispilu eta
zure ekintzak oinarri
etorkizuna eraiki daigun
lagun eginaz elkarri
zure itzala izango dugu
babes eta bizigarri.

—Iñaki Murua—

 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Karlistek liberalei Oleta aldean eginiko segada eta urrea zeramaten mandoen ihesaren kondaira

Bada Aizpurutxo eta Zumarragako Agiñaga auzoetan gordetzen den kondaira zahar bat, gerra karlistetako batean Oleta lepoaren inguruetan gertatu omen zenekoa. Garai haietan, liberalen konpainia bat bertatik pasatzen ari omen zen mandoz garraiatutako urrezko kargamendu batekin. Eta ezkutaturik, karlistak bertan itxaroten ari ziren, zelatan, liberalen zain. Liberalen konpainia bertara iritsitakoan, karlistek segada gogor batean sartu eta liberalei erasotzen hasi zitzaiela dio kondairak.

Tiroketaren erdian, bizirik eta libre geratu ziren mandoek ihes egin eta urrea gainean eramanda, inguruko baserrietan amaitu omen zuten ibilbidea. Egun, inguruko esamesek zenbait baserrik urrea eskuratu zutela diote, izan ere, urte batzuk geroago, azaldu ezinezko gorakada ekonomikoa erakutsi zuten.

Karlistek liberalei egindako segadaren kondairak badu jarraipena, Aizpurutxon jasotako kontakizun honen arabera:

Urteak pasa ziren eta, Urdanbitta (Urdanbideta) baserriko hiru mutilzaharrek urrea aurkitu omen zuten etxean. Bitartean, baserriko ama hilzorian zuten etxean eta apaiza azken aitortza egitera joan zitzaion orduan. Baserriko amak apaizari aitortzan kontatu zion urrea iraganean etxean aurkitu izana. Apaizak dirua bueltatzea eskatu zion, eta baserriko amak, hilzorian ezetz eta ezetz erantzun zion dirua ezin utzirik...

Kondaira honekin batera, gero, ez da batere harritzekoa 1979-1980 urteen inguruan Oleta inguruan kokatzen den Iruarrieta trikuharriari gertatu zitzaiona, herritar batek hondeamakina batez monumentua nahastu eta irauli baitzuen, bertan gordetako ustezko altxorren baten bila-edo. Egun ez dakigu halako barrabaskeria egin zuenak kondaira honexegatik egin izan ote zuen -diruaren zatiren bat trikuharrian gorderik izango zela uste izango zuen-, edo eta, euskal kondaira zaharretan hain sustraiturik dagoen megalitoetan gordetako urrezko kanpaiaren kontuagatik egin zuela ere.

Hala ere, behin-betiko ikas dezagun. Kondairak gorde ditzagun, baita gure ondarea ere. Gure arbasoen iragana eta utzitako ondarea gurekin loturik daude-eta.

 
Oleta-Izazpi :: Eliz-arkitektura
Martirietako Ermita (San Emeterio eta Zeledonio)

Luis Pedro Peña Santiagok, "Las Ermitas de Gipuzkoa" bere liburuan, ondorengo testua aditzera ematen digu:

"Azkoitiko ermita; bere izena Calahorran, IV. mendean eraildako bi martiren izenak (Emeterio eta Zeledonio) daramatza. Kondaira batek zera dio, ermita bera aingeruk eraikitakoa dela, eta garaiko Arrietamendi auzoko zenbait bizilagunek ermita egitearen kontra saiatu zirela: aurka egiteagatik, ondoren aingeruek berek zigortu omen zituzten. Egungo eraikinean aldaketa asko izan direla nabari da. Ene iritziz, basamentuak, ajimez itxurako leiho bat, eta Santa Maria eta San Joanen irudiak, XV. mendekoak, (egun Donostiako San Telmo museoan gorderik direnak), santutegiak dituen testigantza zaharrenak dira. Horri, Trino Uriak emandako aipua gehitzen badiogu, Martirietako Ermita aipatzen duen lehen dokumentua 1495ekoa dela alegia, beldurrik gabe tenpluaren jatorria XV. mendeko hasierako urteetan izan litekeela esan genezake. Tenplu hau "San Medel" gisa ere ezaguna izan da. Bi Santuen irudiak aldare nagusian kokaturik daude. Opagaiak, ofrendak, limosna edo erremusinak, kandelak, dena, gaixotasunengatik urrun osasunez bizitzeko eta uztak eta aziendak babesteko debozio handiko tenplua dela gogorarazten dute. Pareta batetik bi bilur zintzilikaturik daude, bi Santuen babesagatik libre geratu zen presoaren kondaira oroitaraziz. Lope de Isastik, 1625ean, "San Medel de Cendoya" izena duela informatzen digu.".

Kaperaren atearen bestaldean, eskuzko pilotaz jolasteko frontoi bat ikus daiteke.

Trikitilari edo dultzainari bana omen zeukaten Azkoitiko auzo honetako baserriek. Honekin batera, Juan Mari Beltranen "Orhiko xoria" diskoan agertzen den "Azkoitiko Martirietan" kantua ekarriko dugu. "Montte" baserriko Joxe, Joxemari eta Xanti musikariak gogorarazten dizkigu kantuak:

Azkoitiko Martirietan, herri-poza alaietan,
Azkoitiko Martirietan,
Monttetik etorriko da dultzainaren doinuetan.

Joxe eta Joxemari, erromeriz erromeri,
Joxe eta Joxemari,
hauekin hirugarrena da Xanti atabalari.

Dultzainaren hots zorrotza, dantza doinuen ahotsa,
Dultzainaren hots zorrotza,
Hark jar ditzala saltoka, hankak, besoak ta bihotza.

Bertako erromeria, abuztuko azken igandean ospatzen da. Martirieta, "Martitte" herri-izenez ere ezagutzen da.

 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Oleta mendiko jentila

Bada Oleta lepoan kokaturiko jentil bati buruzko kondaira zahar bat, jentil batek Aginaga, Azkoitia eta Zumarraga arteko lurralde-mugak harri handi bat jaurtikiz zehaztu zituela kontatzen duena. Halaxe kontatzen du aupatu kondaira hau Luis Pedro Peña Santiagok bere "Leyendas y Tradiciones populares del País Vasco" liburuan:

"[...] Baserritarrak, gu baino askoz argiago eta praktikoago direnez —guk gauza guztien jatorria errotik azaltzeko joera dugu-eta—, Oletako mugen anabasaren jatorria jentil bat protagonista duen kondaira batekin konpondu zuten. Kondaira honen arabera, Jentil batek Oleta mendiaren gainetik, harritzar bat bailara aldera jaurtikiko zuela esan zuen, harria eroriko zen tokia muga izango zela esanez. Mugarria Oletako behealdera iritsi zenez, halaxe geratu ziren orduan zehaztuta inguruko herri mugakide guztietako mugak. Nik neuk Oleta mendiaren ondoan "jentilaren" harri hori oraindik orain ikusia dut, hareharrizkoa da eta gurutze bat landurik dauka."

Aizpurutxon jasotako kontakizun batek dioenez, Oletatik behera badira harri batzuk tente, eta kondairaren arabera, jentilak berak botatako harriak omen dira.

 
Oleta-Izazpi :: Monumentuak
Oletako gurutzea

1981. urtean Oleta lepoan jarritako gurutzea. Urtero Trinitate igandean, erromeri herrikoia ospatzen da inguruan.

 
Oleta-Izazpi :: Megalitoak eta aztarnategiak
Oletako tumulua

Oleta-Izazpi megalitotegiko tumulua. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 0,30 m-ko garaierakoa da eta 8,30 m-ko diametroa du. 3 m-ko diametroko kraterra erdian eta 0,30 m-ko sakonera du. Bertako basaltoak.


Hasiera  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 2 / 3) |  Hurrengoa  |  Amaiera



Bibliografia

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.

  • Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran

  • Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).

  • Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).

  • Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).

  • Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).

  • Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).

  • Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).

  • Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).

  • Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).

  • Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).

  • Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).