Leku interesgarriak

Informazioa

Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...



Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.

Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.

Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)

Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)


Gune guztiak (kokapenaren arabera)


Gune guztiak (tipologiaren arabera)




... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ...

—Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—

Responsive image

Agerreburu-Aizpurutxo [31 sarrera]

Hasiera  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 2 / 4) |  Hurrengoa  |  Amaiera

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Bestelakoak
Elosuko auzoa

Bergararen ekialdeko muturrean dago Elosu auzoa. Bertaratzeko Gorlarako bidea hartu behar da, eskuinalderako saihesbidea hartuz. Herrigunea jende gehien bizi den ingurua da errepidearen albo batera kokaturik dago; beste aldea Azkoitiko udal barrutian dago. Gaur egun, herrian eta mendialdean han-hemenka sakabanatutako 50 baserri ditu Elosuk.

Elosu aspaldidanik oso ezaguna izan da, hango kanposantuan egiten ziren ehorzketak zirela-eta. Auzokoak ez ezik inguruetako hildakoak ere eramaten zituzten, baita urrunago kokatzen ziren beste alderditakoak ere, Aizpurutxoko baserrietako hildakoak, esaterako. Kasu hauetan, hilkutxa bizkarrean egin beharreko bidea hain luzea izan eta eramateak hain esfortzu handia eskatzen zuenez, errepidearen alboan elizaren ondoan dagoen harri handi baten gainean hilkutxa utzi eta elizara sartu aurretik merezitako atsedentxo bat hartzen omen zuten.

1202. urtean bazen Elosun babeserako Gaztelua geroago, Gipuzkoako beste guztiak bezalaxe, Alfonso VIII. Navaskoari eman zitzaiona. Oraindik ere Gazteluaren aztarnak bertan diraute. 1794ean, elosuarrak loiolarrekin elkartu, eta Azkoitia aldetik frantsesen kontra egiteko bat egin zuten. Soraluzeko (gazteleraz Placencia de las Armas) Armen Errege Lantegitik atera omen zituzten erabilitako armak. Idazkietan azaltzen denez, Gazteluaren harriak eliza eraikitzeko erabili izan ziren.

Auzo honek badu hitz egiten duen hizkuntzari dagokion berezitasuna: gehien bat Bergara herriaren udal barrutian kokaturik dagoela, erdialdeko euskalkiz (gipuzkera) hitz egiten du, Bergara osoan oro har erabiliago den mendebaldeko euskalkia (bizkaiera) hitz egin ordez. Elosuko Elizaldean, berriz, (Ujoldia ere deitua), eta Aizpurutxon (baserri batzuk Bergarako udalerrikoak dira, besteak Azkoitikoak), gipuzkeraz hitz egiten dela esan daiteke. Auzo honetan bostehun metroren barruan dagoen aldea nabarmena da. Edozein modutan, tarteko hizkeratzat har daiteke Elosukoa.

Elosuko Norde auzoak (Norde Bazterra ere deitua) badu gipuzkeraren eragin nabarmena, muga-mugan dago-eta, baina funtsean bizkaiera egiten da, bergarar gehien antzera. Elosu, bere eliz handiagatik ezaguna da, eta baita urriaren 12an egiten den ganadu feriagatik ere.

http://www.bergara.net eta beste iturriak.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Herri-arkitektura
Elosuko eskola zaharra

Industrializazio garaian hiri eta herri handiagoetara jendeak alde egiten zuela ikusi, eta auzoa hustuko ote zen kezkatuta, auzokide guztiak elkartu, eta auzolanean komunikabideak eta ingurua hobetzearren, lan eta zerbitzu komunak egiteari ekin zioten. Oraindik orain egun ere ermitaren arkupeetan elkartzen dira zein lan egin behar den jakin eta eguna eta ordua zehazteko. Auzolanera familia bakoitzeko lagun heldu bat joaten da normalean.

Bertako eskola ere auzolanean halaxe eraiki zuten bizilagunek 1956. urtean, biderik ez, eta mendian zehar harriak ekarri behar zituzten garaian. Bidea egin eta denbora gutxira itxi zuten eskola. Ondoren istilu ugari izan zituzten Udalarekin, Udalak berak eskolaren jabetza kendu nahi zien-eta. Bizilagunek Udala auzietara eraman zuten eta, azkenik, 1988. urtean, auzi asko egin ondoren eskola beren eskutan mantentzea lortu zuten; gaur egun eskola zaharra elosuarren Elkartea da.

Familia guztiek dute giltzaren kopia bana, eta urtero aldatzen dute Batzordea. Zaharrenek diotenez, kantina eta Letanietako Gurutzearen ondoan, San Adrianen omenez eraikitako ermita ere ba omen zen, baina egun desagertuta dago.

http://www.bergara.net eta beste iturriak.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Parajeak
Gorrostaratzuko atsedenlekua

Gorrostaratzuko aisialdi-parkea.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Bestelakoak
Haraneko zentral hidroelektriko txikiak

Euskal Herriko ibai-arroen ezaugarri hidrografiko eta topografikoek, eta bereziki Gipuzkoari dagozkionek, herrialde historiko honi energia hidroelektrikoa ustiatzeko kontuan hartzeko gaitasuna ematen diote. Ibai-arroen artean, Urola ibaiak baditu zenbait zentral hidroelektriko indarrean bere arroan, eta horietako zenbait ikusteko aukera badugu Iñaki Beitiaren omenezko mendi-martxan.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan zentral hidroelektriko txikiek tradizio handia dute, bereziki industria-guneei lotuak izan eta nekazaritza-guneetan argindarra eramateko oinarria izan direlako. Dagoeneko XIX. mendeko azken urtez geroztik potentzia txikia eta ertaineko instalazioen bitartez behar zuten argindarra nork berak sortzen zuten enpresa ugari sortu zen.

Fenomeno hau XX. mendeko lehen herenean orokortu zen. Dena dela, 60. hamarkadatik aurrera, zentral hidroelektriko txikien eraikuntzak geldialdi nabaria izan zuen, zeren eta petrolioaren salneurri baxuak energia elektrikoa sortzeko zentral termikoen eraikuntzaren alde egin zuen. Horren ondorioz, zentral hidroelektriko txiki ugari itxi zuten, beren ustiapen kostuak handiegiak baitziren.

Petrolioaren krisiarekin, zentral hidroelektriko txikiak berriz agertuko ziren; era berean 80. hamarkadan 5.000 kVa bitarteko potentzia zuten zentral hidroelektriko txikien eraikuntza, handiagotzea edo egokitzapena espresuki babesten zituen Energiaren Kontserbaziorako 82/80 Legea indarrean sartu zen. Lege hau indarrean sartu ostean geldirik zeuden zentral hidroelektriko txiki ugari birgaitzen hasi zen baita ere lehendik zeuden instalazioak automatizatzen hain zuzen.

1980 eta 1994 urteen artean, 54 zentral hidroelektriko txiki birgaitu ziren. 1995. urtean 7 zentral txiki indarrean jarri ziren, eta 1996rako, beste 3 zentralen birgaitzea espero zen.

1995. urtean eguneratutako Zentral Hidroelektriko Txikien Inbentarioan jasotako datuen arabera , Urola ibai-arro ertainean (Azkoitiko Udal Barrutian) diren zentral hidroelektriko txikiak ondorengoak dira: Androndegi Z. H. (315 KW), Aizpurutxo Z. H. (250 KW), Errota-berri Z. H. (360 KW) eta Igarango bi zentral hidroelektrikoak (hurrenez hurren 264 eta 25 KW-koak). Urtez urte, martxaren ibilaldietan, ondoko zentralak ikusteko aukera izan dugu:

  • IGARAN Z. H. (1)
    Zentrala birgaitu ondoren, berriz indarrean 1996ko urrian jarri zen. Turbina eta alternadore zaharrak aprobetxatu ziren eta koadro elektriko berriak jarri ziren, zentrala automatizatuz. I. taldeko turbinak ez du plakarik baina proiektuaren arabera 128 CV-ko potentzia dauka. Zentrala, Errota-berri Z. H.-a akoplaturik dagoen 13,8 kV-ko linea berera konektaturik dago. Ur-saltoa kontzesioaren paperetan ez zen ageri: berau 200 bat metrokoa da.

  • IGARAN Z. H. (2)
    Zentrala autokontsumorako erabiltzen da, bertako bizilagunak etxera joatzen direnean erabiltzen baita (noizbehinkako erabilpena). Instalazioaren ekipamendua oso zaharra da. Egungo jabeak kontzesioaren transferentzia 1993an eskatu zuen. Kontzesioan ez zen ur-saltoa aipatu: berau 100 metrokoa da. Zentralaren potentzia kontzesioaren ageri ziren datuekin eta ur-saltoa 100 metroko garaiera duen datuarekin zenbatetsi zen.

Iturria: Bases para la elaboración de las directrices sobre el uso sostenible del agua en Gipuzkoa. Producción hidroeléctrica en Gipuzkoa. Diputación foral de Gipuzkoa.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Megalitoak eta aztarnategiak
Irukurutzeta

Elosua-Plazentzia megalitotegia. Aizpuruko Zabala lekuan, Irukutzetako gailurretik Mendebaldera dagoen lepoan, han dagoen bertize geodesikotik 70 m. IMrantz. Keixeta tumulua 650 m. HHErantz dago. Kurutzebakarra tumulua 425 m. MHMrantz dago. 1920an J. M. Barandiaranek aurkitutako hileta-monumentua. Berak eta T. De Aranzadik eta E. Egurenek industu zuten urte berean. Trikuharria. Tumulua 19 m. diametrokoa eta 1,80 m. altuerakoa. Erdian krater handi bat du, 5,50 x 4 m. diametrokoa eta 0,65 m. sakonerakoa, bere hegoaldeko muturrean harlosa bat 1,50 x 0,40 x 0,30 m-koa duelarik zutik, E-M norabidean. Bertako basaltoak.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Parajeak
Irukurutzeta gaina

Irukurutzeta gaina, 895 m, (hiru gurutze, erpin geodesikoa eta buzoia). Oso bista ona eguraldia lagun bada.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Parajeak
Itxumendi

Mendiak.net webgunean, Javi Urrutiak halako deskribapena dakarkigu:

Irukurutzeta mazizoko ekialdeko aldean kokatzen den gaina dugu. Gaina Elosuko mendatearen ondoan kokaturik dago (664 m), Kantina duen lepoaren ondoan hain zuzen, eta telebista errepikagailu batez koroaturik dago. Haren ipar isurialdean, gainaldetik ez urruti, Iturriberri (681 m) izeneko piknik-gune edo askaldegi bat dago, eta metro batzuk aurrerago Askaburu (700 m) izeneko beste bat hain zuzen.

Gain apala bada ere, oso panoramika ederra eskaintzen duen mendia dugu -gainak Askitxumendi izena ere badu. Antena luze bat izateaz gain, euri-neurgailu bat, erpin geodesiko bat eta mendizaleok erabiltzen ditugun txartel-ontzi batez koroaturik dago.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Bestelakoak
Julen Lekuona

Julen Lekuona (Oiartzun, 1938ko ekainaren 18a - 2003ko uztailaren 19a) euskal idazle eta abeslaria, eta musikagilea izan zen. Apaiza zelarik Ez Dok Amairuko partaidea izan zen, garai hartan munduko leku askotan zeuden apaiz langile, ezkertiar eta protestazale horietakoa baitzen. Gitarra eskuetan harturik kantu zirraragarriak konposatu zituen: Ez, ez dut nahi, Ilargira noa edota Itsasoan urak handi dire, esate baterako.

Idazlea ere bazen, eta itzulpena eta antzerkia landu zituen. Besteak beste, Tennessee Williamsen Kristalezko Zooa liburua itzuli zuen. Ez Dok Amairu desegin zenean, Lekuona ere kantagintzatik urrundu zen. Bertso zaharrak bilduman hartu zuen parte, Xabier Leterekin eta Antton Valverderekin batera. Hil ondoren omenaldi disko bat egin zioten hainbat kantarik eta taldek.

Biografia

Donostiako seminarioan ikasi zuen, Oiartzungo Lartaun taldean txistua jo, eta Oiartzungo herri aldizkarian, Zeruko Argia astekarian eta El Diario Vasco egunkarian idatzi zuen, beti euskaraz. Antzerkizale ezaguna zen, baina antzeztu beharrean zuzentzen zuen, obrak itzultzearekin batera. Besteak beste, Kristalezko zooa (Tennessee Williams) eta Erizaina etxea (Prestley) euskaratu zituen Jarrai taldearentzat.

Txikitatik bertso zahar eta kanturako tradizioa jaso zuen etxean, amonaren bidez, baina kantuan Oiartzungo Schola Cantorum haur abesbatzan hasi zen, iganderoko mezan. Seminarioan solfeoa ikasi zuen, eta bertan sortu zituen bere kantu ezagunetako batzuk. Seminarioko urteak amaitu eta apaiz egin orduko Aizpurutxo auzora bidali zuten, Zumarraga eta Azkoitia artean.

Julen Lekuonaren lehen kantuak protesta eta salaketakoak ziren, Euskal Herriaren egoerari lotutakoak. 1963an Zeruetako gure osaba kantua aurkeztu zuen, falangistek fusilatutako osaba Martinen omenez egina. Urte gutxi batzuk geroago Zeruko Argian idatziko zuenez, "iñolaz ere ezin giñezke orain uso txuriaren historia tristea kantatzen asi, ori baño tristeagoak ba daudelako. Uso txuria gure euskal errietako tximenietako keak aspaldi beztu zuen. Ezin giñezke beraz erromantizismo batean bizi. Ezin giñezke gauza politak bakarrik kantatzen ibilli. Erriak gizarte batean bizitzera esnatu bear du".

1963an bertan eman zuen jendaurreko lehen saioa, Donostiako Antigua auzoko parrokian. Ondorengo bi urteetan, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta abarrekin ibili zen han-hemenka kantari, eta segidan Ez Dok Amairu taldean sartu zen. 1966ko urtarrilaren 9an Hernanin eta 23an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako lehen emanaldietan abestu zuen, baita martxoaren 6an Irungo Bellas Artes antzokian egin zen Ez Dok Amairuren aurkezpenean ere, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Jose Antonio Villar, Biurriak eta Oleskariak zortzikotearekin. Garai hartan ehunka emanaldi egin zituen Lekuonak, gehienetan taldearekin eta inoiz bakarka. Halaber, euskarazko kantagintza modernoa sustatu nahian, atzerriko kantu ezagun ugari euskaratu zituen, Juan Mari Lekuona anaiarekin batera, eta orduko kantari gazteen artean banatu. Lekuonak euskaratutako kantuak grabatu zituztenetako bat Jose Antonio Villar da.

Caracasen (Venezuela), Discos Gudari zigiluarekin argitaratu zizkioten lehen bi disko txikiak, Egia n. 1 eta Egia n. 2, Julen Lekuonak berak ezer jakin gabe, ezta grabatu zituenik ere. Horrek haserrea piztu zion. 1965ean gertatu zen hori. Bertan daude bere kantu ezagunenetako batzuk: "Eliza pobrea" -Ez Dok Amairuk 1966ko urtarrilean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emandako jaialdian abestu zuenean, kalapita handia sortu zuen kantu horrek-, "Herri bat hiltzen", "Iltzaile bat bezala"... Azken kantu hori Madrilen (Espainia) epaituriko Alberto Gabikagogeaskoa apaizaren auzia salatzeko idatzi zuen.

Hurrengo urtean lehen disko ofiziala grabatu zuen Bilbon, Cinsa diskoetxearekin. Poliziak ale guztiak bahitu zituen, "Iltzaile bat bezala" kantuan "tiroak gogoan" esaten zuelako. Auzia ez zen hor amaitu. Hilabete batzuk geroago, Azkoitiko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen kantu horren harira. Zigor gisa, gitarra kendu egin zion Guardia Zibilak, eta ez zuen berreskuratu Franco hil arte, hamar urte geroago. Bigarren disko txikia 1968an grabatu zuen, Bartzelonan, hango zenbait musikariz lagunduta. Jose Mari Altuna musikari azpeitiarrak egin zizkion harmonizazioak.

1972an apaiz izateari utzi zion, eta Ez Dok Amairu desegin ondoren bakarka jarraitu zuen kantuan, baina laster Xabier Lete eta Antton Valverderekin elkartu eta bertso zahar eta berriz osaturiko emanaldiak eskaintzen hasi zen. 1974an Donostiako Antzoki Zaharrean eman zuen lehen jaialdia hirukoteak, eta Bertso zaharrak disko arrakastatsua (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen. Urte hartan, Kontxita Rekalderekin ezkondu zen. Azpeitian jarri ziren bizitzen; bi seme-alaba izan zituzten, eta ondoren Irunera aldatu ziren, aurrezki kutxa batean lana aurkitu zuelako Lekuonak.

Kantaldiak emateari utzi zion, baina ez guztiz eta erabat. Badok hamalau izeneko emanaldia egin zuen Ondarroan 1998an, Ganbelu zaharra Oiartzunen 1999an, Mixel Labegerieren omenezko ekitaldian parte hartu zuen 2000n Kanbon, eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aritu zen 2002an. Disko bat grabatu nahi zuela esana zien gertukoei, baina ezin izan zuen asmoa gauzatu. 2003ko uztailaren 19an hil zen, zangoetako tronbosiak jota, Donostiako Poliklinikan zegoela.

Hautsi ez dedin katea liburuxkan (Egan, 1999) bilduta dago Lekuonak utzitako kantutegi oparoa. Halaber, hil ondoren omenaldi hainbat jaso zuen. Aizpurutxo auzoak egun osoko omenaldia egin zion 2003ko abuztuaren 31n, eta Oiartzunen kantaldi bat antolatu zuten 2004ko azaroaren 13an Elorsoro kiroldegian, Xabier Lete, Antton Valverde, Jabier Muguruza, Alaitz Telletxea eta Mikel Errazkinekin. Artista horiek eta beste batzuek hartu zuten parte Itsasoan urak handi dire diskoan (Hirusta, 2004), Julen Lekuonaren omenez.

Diskografia

  • Bertso zaharrak. (1974) Xabier Leterekin eta Antton Valverderekin.
  • Itsasoan urak handi dire (omenaldia). (2004).

ITURRIA: Wikipedia.

Eta hemen informazio gehiago: Bidegileak - Julen Lekuona.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Megalitoak eta aztarnategiak
Keixeta

Elosua-Plazentzia megalitotegia. Keixetako lepoan, Irukurutzetaren hegoaldeko hegalaren barrenean, Bergarako mugatik gertu. Keixetako Egiya N tumulua 350 m. HHErantz dago. Irukurutzeta trikuharria 650 m. IIMrantz dago. 1920an J. M. Barandiaranek aurkitutako hileta-monumentua. Berak eta T. De Aranzadik eta E. Egurenek industu zuten hurrengo urtean. Trikuharria? Tumulua 17 m. diametrokoa eta 0,30 m. altuerakoa. Erdiko kraterra 2,20 m. diametrokoa eta 0,50 m-ko sakonerakoa. Zulogune honetatik 1,60 m. Hegoalderantz harlosa etzan bat, 1,40x0,90x0,25 m-koa, dago (jatorriz trikuharri-ganbara batena?). Indusketan zehar, erdian, bertako zoruan zulatutako hobi bat azaldu zen. Bertako basaltoak.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Parajeak
Keixeta-goiegia / Elosumendi

Deba eta Urola ibaietako arroen arteko Irukurutzeta mendiguneko gailurra. Keixeta (Keixeta-goiegia) izenarekin ere bada ezaguna, Elosumendi bezala ere bai -Elosu auzoaren gainean baitago bera- edo Pol-pol gisa ere bai, toponimo onomatopeikoa, inguruetan aurkitzen baita izen bereko iturburu bat.


Hasiera  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 2 / 4) |  Hurrengoa  |  Amaiera



Bibliografia

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.

  • Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran

  • Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).

  • Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).

  • Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).

  • Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).

  • Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).

  • Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).

  • Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).

  • Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).

  • Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).

  • Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).