Leku interesgarriak

Informazioa

Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...



Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.

Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.

Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)

Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)


Gune guztiak (kokapenaren arabera)


Gune guztiak (tipologiaren arabera)




... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ...

—Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—

Responsive image

Bestelakoak [34 sarrera]

Hasiera  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 2 / 4) |  Hurrengoa  |  Amaiera

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Bestelakoak
Elosu, Deskarga, Matxinbentako bandoleroak

Goierrin ditugun baita inguruan diren hainbat mendate eta paraje batzuk, Elosua edo Matxinbenta auzoak, edo Deskarga edo Mandubia (mandabide etimologiarekin) mendateak kasu, bandoleroen tokiak izan ziren XVIII. eta XIX. mendeetan. Matxinbenta auzoko benta bera, Xabierreko Kondearen jabetza hain zuzen, hainbat aldiz ixten saiatuz iren, izan ere bertan gordetzen ziren inguruetan lapurretan ari ziren lapur eta bandoleroak.

Garai haietan ugariak izan ziren Euskal Herrian zabaldu ziren lapurrak, eta euren kontakizunak bolbora bezala zabaldu ziren iparretik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Besteak beste, hauek nabarmenduko ditugu: Bizarbeltz, Galtxagorri, Ignacio Lazkano, Miguel Larrazabal, Maria Antonia Basarte, Joxe Esnal Motxa, Juan Jose Ibargoien “Guiñi” eta Pierres Kaderezar “Frantses Txikia”, besteak beste.

Garaiko bandoleroak gainera, uste okerrez kutsaturik bagaude ere, gehienak bertakoak ziren, euskaldunak alegia eta ogibide hori bizi irauteko modu gisa hartutakoak ziren, baserririk ez zutenak, eta lan egiteko aukerarik ere ez. “Bandoleros Vascos” (euskal bandoleroak) liburuaren egile den David Zapirainen ustez, bandoleroak “ez ziren abenturazaleak, ez asasinoak, ez pelikuletako Robin Hood bezalako pertsonak. Beharrak bultzatuta jokatzen zuten horrela. Hori bai, batzuk profesionalak ziren, hau da, urte osoan ibiltzen ziren lapurretan; beste batzuk, ordea, egoeraren arabera sartzen ziren zeregin horretan, aro konkretu batzuetan, gabezia uneetan”.

Karlismoak hartu zituen berarekin ia bandolero guztiak. David Zapirainek esana “[…] errepresioak ez ditu arazo sozialak konpontzen, eta hau arazo soziala zen batez ere. Beraz, lehenengoko karlistadak irentsi zuen giza egonezin hori. Gerra amaitu eta berriz puri-purian jarri zen lapurretaren kontua.”

Guztietatik, Goierri garaian Jacinto de Olariaga, oso bandolero ezaguna izan zen. Bergaran gorde diren bi autotan, Jacinto bera, Azkoitikoa, eta bere kideak Pablo Francisco de Sorreguieta, Januario de Vidania eta Jose Ramon de Jauregui “por robos y asaltos en los caminos y caserías” (bide eta etxaldetan lapurreta egiteagatik) Bergarako epaileen aurrean 1802/10/20an eta 1806/05/17an pasatu ziren.

Bandoleroek Elosun bestalde utzitako inpronta sakona da nonbait. Itxumendiko sorginen, ogi bedeinkatuaren eta igelaren kondaira ederrean, bandoleroei buruzko aipua agertzen da-eta.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Bestelakoak
Elosuko auzoa

Bergararen ekialdeko muturrean dago Elosu auzoa. Bertaratzeko Gorlarako bidea hartu behar da, eskuinalderako saihesbidea hartuz. Herrigunea jende gehien bizi den ingurua da errepidearen albo batera kokaturik dago; beste aldea Azkoitiko udal barrutian dago. Gaur egun, herrian eta mendialdean han-hemenka sakabanatutako 50 baserri ditu Elosuk.

Elosu aspaldidanik oso ezaguna izan da, hango kanposantuan egiten ziren ehorzketak zirela-eta. Auzokoak ez ezik inguruetako hildakoak ere eramaten zituzten, baita urrunago kokatzen ziren beste alderditakoak ere, Aizpurutxoko baserrietako hildakoak, esaterako. Kasu hauetan, hilkutxa bizkarrean egin beharreko bidea hain luzea izan eta eramateak hain esfortzu handia eskatzen zuenez, errepidearen alboan elizaren ondoan dagoen harri handi baten gainean hilkutxa utzi eta elizara sartu aurretik merezitako atsedentxo bat hartzen omen zuten.

1202. urtean bazen Elosun babeserako Gaztelua geroago, Gipuzkoako beste guztiak bezalaxe, Alfonso VIII. Navaskoari eman zitzaiona. Oraindik ere Gazteluaren aztarnak bertan diraute. 1794ean, elosuarrak loiolarrekin elkartu, eta Azkoitia aldetik frantsesen kontra egiteko bat egin zuten. Soraluzeko (gazteleraz Placencia de las Armas) Armen Errege Lantegitik atera omen zituzten erabilitako armak. Idazkietan azaltzen denez, Gazteluaren harriak eliza eraikitzeko erabili izan ziren.

Auzo honek badu hitz egiten duen hizkuntzari dagokion berezitasuna: gehien bat Bergara herriaren udal barrutian kokaturik dagoela, erdialdeko euskalkiz (gipuzkera) hitz egiten du, Bergara osoan oro har erabiliago den mendebaldeko euskalkia (bizkaiera) hitz egin ordez. Elosuko Elizaldean, berriz, (Ujoldia ere deitua), eta Aizpurutxon (baserri batzuk Bergarako udalerrikoak dira, besteak Azkoitikoak), gipuzkeraz hitz egiten dela esan daiteke. Auzo honetan bostehun metroren barruan dagoen aldea nabarmena da. Edozein modutan, tarteko hizkeratzat har daiteke Elosukoa.

Elosuko Norde auzoak (Norde Bazterra ere deitua) badu gipuzkeraren eragin nabarmena, muga-mugan dago-eta, baina funtsean bizkaiera egiten da, bergarar gehien antzera. Elosu, bere eliz handiagatik ezaguna da, eta baita urriaren 12an egiten den ganadu feriagatik ere.

http://www.bergara.net eta beste iturriak.

 
Gabiri-Legazpi :: Bestelakoak
Euskal Burdinaren Museoa

Testua prestatzen ari gara.

 
Kizkitza-Ormaiztegi-Murumendi :: Bestelakoak
Ezkioga edo Ezkio

Ezkiori buruz dugun lehen berria 1385ko urriaren 29koa da, herri txiki bat besterik ez zenean, Urretxuko hiriari gehitu zitzaionekoa. Honen ondorioz, Segurak zenbait titulu eta eskubide eskatzen zizkion Urretxuri, bi hirien arteko auziak sortuz. Iskanbila hau konpontzeko izendatutako epaileek Segurak arrazoia zuela adierazi zuten, 1405. urtean, Enrique III.ak erabaki hori baieztatu zuelarik. Horrela, Ezkio 1441ean Segurari gehitzen zitzaion. Bien arteko banaketa noiz gertatu zen, ordea, ez dakigu.

Baina XVI. mendearen hasieran, Ezkio Areriako Alkatetza Nagusiaren partaide da, 1.661eko martxoaren 13an banatuz, Gipuzkoako gainontzeko hiribilduak bezala, hiribildu-pribilegio errealak lortu zituelako.

Konbentzio Gudan, 77 gizonez osatutako konpainia bat sortu zen Ezkiogan eta Juan Antonio de Elizalde eskribauaren aginduetara Arrasaten borrokatu zuten. Ezkioren adibidea jarraituz, inguruko herri batzuk ere parte hartzera animatu ziren, azkenik gure lurraldean frantses armadaren aurrerapena gelditzea lortuz.

1965. urtean, Ezkio eta Itsaso elkartuko dira, Ezkio-Itsaso izena hartuz eta Udal bat bezala funtzionatuz. Batuketaren helburua bi herrietako hiri-beharren kudeaketari erantzun hobea ematea izango zen.

Ezkioko seme ospetsuen artean aipatzekoak dira, besteak beste, Anduaga familiakoak, erregeen kontseilariak izandakoak; Arantzeaga Zalditeria Kapitaina eta 1680an Santiago Ordenako Zalduna; beste kaparea, Zubiaurre familiakoa, Santiagoko Ordenakoa eta Madrilen bere izena daraman Maiztergoaren sortzailea; Martin Aranburu lizentziatua, Toledoko Razioneroa eta 1609. urtean Inkisizio Kontseilu Goreneko kontalaria, eta Bernardo de Etxaluze, . Armada Nazionaletako Eremu Mariskala.

http://www.ezkio-itsaso.net/

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Bestelakoak
Haraneko zentral hidroelektriko txikiak

Euskal Herriko ibai-arroen ezaugarri hidrografiko eta topografikoek, eta bereziki Gipuzkoari dagozkionek, herrialde historiko honi energia hidroelektrikoa ustiatzeko kontuan hartzeko gaitasuna ematen diote. Ibai-arroen artean, Urola ibaiak baditu zenbait zentral hidroelektriko indarrean bere arroan, eta horietako zenbait ikusteko aukera badugu Iñaki Beitiaren omenezko mendi-martxan.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan zentral hidroelektriko txikiek tradizio handia dute, bereziki industria-guneei lotuak izan eta nekazaritza-guneetan argindarra eramateko oinarria izan direlako. Dagoeneko XIX. mendeko azken urtez geroztik potentzia txikia eta ertaineko instalazioen bitartez behar zuten argindarra nork berak sortzen zuten enpresa ugari sortu zen.

Fenomeno hau XX. mendeko lehen herenean orokortu zen. Dena dela, 60. hamarkadatik aurrera, zentral hidroelektriko txikien eraikuntzak geldialdi nabaria izan zuen, zeren eta petrolioaren salneurri baxuak energia elektrikoa sortzeko zentral termikoen eraikuntzaren alde egin zuen. Horren ondorioz, zentral hidroelektriko txiki ugari itxi zuten, beren ustiapen kostuak handiegiak baitziren.

Petrolioaren krisiarekin, zentral hidroelektriko txikiak berriz agertuko ziren; era berean 80. hamarkadan 5.000 kVa bitarteko potentzia zuten zentral hidroelektriko txikien eraikuntza, handiagotzea edo egokitzapena espresuki babesten zituen Energiaren Kontserbaziorako 82/80 Legea indarrean sartu zen. Lege hau indarrean sartu ostean geldirik zeuden zentral hidroelektriko txiki ugari birgaitzen hasi zen baita ere lehendik zeuden instalazioak automatizatzen hain zuzen.

1980 eta 1994 urteen artean, 54 zentral hidroelektriko txiki birgaitu ziren. 1995. urtean 7 zentral txiki indarrean jarri ziren, eta 1996rako, beste 3 zentralen birgaitzea espero zen.

1995. urtean eguneratutako Zentral Hidroelektriko Txikien Inbentarioan jasotako datuen arabera , Urola ibai-arro ertainean (Azkoitiko Udal Barrutian) diren zentral hidroelektriko txikiak ondorengoak dira: Androndegi Z. H. (315 KW), Aizpurutxo Z. H. (250 KW), Errota-berri Z. H. (360 KW) eta Igarango bi zentral hidroelektrikoak (hurrenez hurren 264 eta 25 KW-koak). Urtez urte, martxaren ibilaldietan, ondoko zentralak ikusteko aukera izan dugu:

  • IGARAN Z. H. (1)
    Zentrala birgaitu ondoren, berriz indarrean 1996ko urrian jarri zen. Turbina eta alternadore zaharrak aprobetxatu ziren eta koadro elektriko berriak jarri ziren, zentrala automatizatuz. I. taldeko turbinak ez du plakarik baina proiektuaren arabera 128 CV-ko potentzia dauka. Zentrala, Errota-berri Z. H.-a akoplaturik dagoen 13,8 kV-ko linea berera konektaturik dago. Ur-saltoa kontzesioaren paperetan ez zen ageri: berau 200 bat metrokoa da.

  • IGARAN Z. H. (2)
    Zentrala autokontsumorako erabiltzen da, bertako bizilagunak etxera joatzen direnean erabiltzen baita (noizbehinkako erabilpena). Instalazioaren ekipamendua oso zaharra da. Egungo jabeak kontzesioaren transferentzia 1993an eskatu zuen. Kontzesioan ez zen ur-saltoa aipatu: berau 100 metrokoa da. Zentralaren potentzia kontzesioaren ageri ziren datuekin eta ur-saltoa 100 metroko garaiera duen datuarekin zenbatetsi zen.

Iturria: Bases para la elaboración de las directrices sobre el uso sostenible del agua en Gipuzkoa. Producción hidroeléctrica en Gipuzkoa. Diputación foral de Gipuzkoa.

 
Kizkitza-Ormaiztegi-Murumendi :: Bestelakoak
Itsaso

Itsaso herriaren izena lehendabiziko aldiz XV. mende hasiera inguruko agiri batean azaltzen da, non herritarrak beraien kexak Enrique III. erregeari azaltzen zizkioten, zergabiltzaileek 1399an burututako kontraforuak salatuz; horren ondorioz erregearen esku-hartzea eskatu zuten, zergabiltzaileek egindako neurriz kanpoko jokaera horiek desager zitezen.

Enrique IV.ak 1461. urtean idatzitako agiri batean Itsaso izendatzen du, Areriako Alkatetza osatzen zuten herri guztiei berez, beraien Alkate Nagusia hautatzeko eskubidea emanez. Itsaso eta Arriarango udalbatzak, bakoitza bere aldetik parte hartu zuen alkate nagusiaren hautaketarako txandetan.

Baina 1658.urtetik aurrera, Itsaso Areriako Alkatetza Nagusiko ordezkaria izan zen. 1692. urterako berriz, Itsaso Arriaranekin bat eginik zegoen, bien artean udalerri bakarra osatuz. Nahiz eta beranduago, bi herriak banandu, biak Areriako Alkatetza Nagusiko partaide izaten jarraitu zuten.

1965. urtean, Ezkio eta Itsaso elkartuko dira, Ezkio-Itsaso izena hartuz eta Udal bat bezala funtzionatuz. Batuketaren helburua bi herrietako hiri-beharren kudeaketari erantzun hobea ematea izango zen.

http://www.ezkio-itsaso.net/

 
Oleta-Izazpi :: Bestelakoak
Izazpi ala Izazpe?

Zorte handia dugu Urretxu-Zumarragan inguruan ditugun paraje, mendiak eta tontorrak izateaz, bai horixe! Horren ondorio garbia Beitia-Martxak urtero-urtero ibilbide berriak aldatzeko aukera izana da. Urretxuko mendia, zalantzarik gabe Irimo dugu, eta denok ezagutzen ditugun Zazpi Puntak paraje ezin ederrago dira. Zumarragari dagokionez, tontor edo gain aukera zabalagoa dago, Zumakortaburu, Samino, Izazpi, Beloki eta Argixao tontor aldea Zumarragako udal-barrutiaren barruan parte batean edo osorik dituzten gainak direlarik. Dena dela, zalantzarik gabe, hauetatik guztietatik (gaina eta gurutzea Zumarragako udal barrutian ez baditu ere) Zumarragako mendia Izazpi dela esan dezakegu. Izazpi du honek izena… edo Izazpe beharko luke?

Irakurleak ez du agian jakingo, baina kontua da orain dela gutxi arte Euskaltzaindiak gure mendiari eman dion izen ofiziala, Euskal Herriko mendi nagusiei ematen diena, IZAZPE izan dela, Urretxu-Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko biztanleontzako ezagun eta erabilia zaigun IZAZPI izan beharrean.

Baina zergatik Izazpe? Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, Izazpi mendiak nolabait izen ofiziala "Izazpe" izena jaso izana Euskal Mendi Federazioak 1990ean argitaratutako Mendi Katalogoaren edizioan koka dezakegu. Geroztik aurrera, mendia Izazpe izenarekin mendi ezaguna bihurtu da, eta zalantzarik gabe, azkeneko bost-hamar urteotan Irternet-ek zabaldu du han-hemenka Izazpe bariante berri hau Euskal Herrian zehar.

Aurtengo maiatzaren erdialdean, Ostadar Mendi Taldeko eta Zintzo-Mintzo taldeko kide batzuk mendiaren izenaz kezkaturik kontu hau aztertzea erabaki genuen… nola ote zen posible Azpeitiko herriko mapan (2007ko apirileko argitalpenean), IZAZPI azaldu izana, eta beheraxeago txikiz "Izazpeko gurutze zaharra" jartzea, Ezkio-Itsasoko mapan (2000ko azaroan argitaratutakoan) IZAZPI agertzen bazen?

Hori dela eta Jose Luis Ugarterengana jo genuen, berak osatu baitzuen 1998an Zintzo-Mintzok eskatutako Urretxu-Zumarragako toponimia lan-ikerketa mardula, Euskaltzaindiak "Onomasticon Vasconiae" bildumako 18. zenbakia jasoko zuena. "Urretxu eta Zumarragako toponimia" lan honetan, 334. orrialdean Izazpiri dagokionez, hauxe idatzi zuen Jose Luisek:

—1833. urteko beste agiri batean horrela azaltzen da: "/Argomal de Ysaspi, en el parage llamado Narrucoi/"

—1889. urteko beste agiri batean: "/Monte llamado Yzazpi/"

—1998. urtean Leturiondoko Bautista Alberdik //isáspí// ahoskatzen du.

Toponimia lanean aipatutako idatzizko daturik zaharrena 1833koa bazen, Jose Luisek toponimia-lana argitaratu eta gero, 1529. urteko "Amojonamiento de los términos de Velerayn entre Azpeitia e Çumarraga" izeneko dokumentuan honako esaldiak topatu zituen:

—(1529): "/el dho çerro llamado Yçaspi/"; "/en el termino llamado Yçaspi ydoya/"... (euskara zaharrean idoia-k baltsa edo putzua esan nahi du, eta zalantzarik gabe bi gurutzeen artean diren putzuen aipamena egiten du).

Datuokin, Euskaltzaindiko Patxi Galérekin jarri ginen harremanetan, Euskaltzaindiak mendiaren izena berraztertu zezan eskatuz, gure iritziz arrazoi nabariegiak eta argiegiak zirelako mendiari Izazpi izena emateko (azken 500 urtetan gure isurialdean mendiari beti-beti "Izazpi" izena (z-s grafien gorabehera) eman zaiolako).

2008ko apirilaren 10ean Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen bilera izan zen Altsasun eta, gai-zerrendan agertzen ez bazen ere, Izazpi edo Izazpe kontu hau aztertu zuten. Aztertu eta ebazpen berria eman ere bai. Egun horretatik aurrera Izazpi mendiari dagokion izen ofiziala IZAZPI da. Jose Luis Ugartek aurkeztutako proposamen batzuk ere aztertu ziren, eta bostetik bi ontzat eman zituzten: Aizelekua-ren partez AIZALEKU onartu zuten, baita Juanastegi-ren partez JOANAZTEGI kalearen izena onartu. Zumarragako Aginaga auzoari izena Aginaga-ren partez AGIÑAGA ordea jartzea ez zuten onartu (kasu honetan Jose Luisek Urretxu-Zumarragako toponimia liburuan argitaratu zuen proposamena aurkeztu zuen).

Euskaltzaindiak webguneko sarrera ekain aldera eguneratuko zuela esan bazuen ere, uztail aldera egin zuen, tartean, Urretxuko mapa berria argitaratu eta Izazpi gainari dagokion lurralde tartetxoa Izazpe izenarekin agertu dela. Dagoeneko informazioa Euskaltzaindiko webgunean eguneratuta badago ere (http://www.euskaltzaindia.net/eoda/), etorkizunean eguneraketa bestelako iturrietan, esate baterako Euskal Mendi Federazioko Mendien Katalogo berrian, gauzatu dadin nahi genuke, izen zaharrak dagokion tokia berrartu dezan.

Lerro hauen bitartez Jose Luis Ugarteri gure eskerrik beroenak berreman nahi dizkiogu, berari esker zuzendu baita mendiak jaso behar zuen izena.

Eta hemendik aurrera lan handia geratzen zaigu Izazpik prentsa-agiri eta Internet dokumentu askotan agertzen den bezala, Izazpe albo batera utzi eta bere izena, Izazpi berreskura dezan... Denbora kontua da, prozesua martxan dago-eta.

Josu Aztiria eta Jon Mikel Intsausti
Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Ostadar Mendi Taldearen izenean

2008ko irailaren 18an.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Bestelakoak
Julen Lekuona

Julen Lekuona (Oiartzun, 1938ko ekainaren 18a - 2003ko uztailaren 19a) euskal idazle eta abeslaria, eta musikagilea izan zen. Apaiza zelarik Ez Dok Amairuko partaidea izan zen, garai hartan munduko leku askotan zeuden apaiz langile, ezkertiar eta protestazale horietakoa baitzen. Gitarra eskuetan harturik kantu zirraragarriak konposatu zituen: Ez, ez dut nahi, Ilargira noa edota Itsasoan urak handi dire, esate baterako.

Idazlea ere bazen, eta itzulpena eta antzerkia landu zituen. Besteak beste, Tennessee Williamsen Kristalezko Zooa liburua itzuli zuen. Ez Dok Amairu desegin zenean, Lekuona ere kantagintzatik urrundu zen. Bertso zaharrak bilduman hartu zuen parte, Xabier Leterekin eta Antton Valverderekin batera. Hil ondoren omenaldi disko bat egin zioten hainbat kantarik eta taldek.

Biografia

Donostiako seminarioan ikasi zuen, Oiartzungo Lartaun taldean txistua jo, eta Oiartzungo herri aldizkarian, Zeruko Argia astekarian eta El Diario Vasco egunkarian idatzi zuen, beti euskaraz. Antzerkizale ezaguna zen, baina antzeztu beharrean zuzentzen zuen, obrak itzultzearekin batera. Besteak beste, Kristalezko zooa (Tennessee Williams) eta Erizaina etxea (Prestley) euskaratu zituen Jarrai taldearentzat.

Txikitatik bertso zahar eta kanturako tradizioa jaso zuen etxean, amonaren bidez, baina kantuan Oiartzungo Schola Cantorum haur abesbatzan hasi zen, iganderoko mezan. Seminarioan solfeoa ikasi zuen, eta bertan sortu zituen bere kantu ezagunetako batzuk. Seminarioko urteak amaitu eta apaiz egin orduko Aizpurutxo auzora bidali zuten, Zumarraga eta Azkoitia artean.

Julen Lekuonaren lehen kantuak protesta eta salaketakoak ziren, Euskal Herriaren egoerari lotutakoak. 1963an Zeruetako gure osaba kantua aurkeztu zuen, falangistek fusilatutako osaba Martinen omenez egina. Urte gutxi batzuk geroago Zeruko Argian idatziko zuenez, "iñolaz ere ezin giñezke orain uso txuriaren historia tristea kantatzen asi, ori baño tristeagoak ba daudelako. Uso txuria gure euskal errietako tximenietako keak aspaldi beztu zuen. Ezin giñezke beraz erromantizismo batean bizi. Ezin giñezke gauza politak bakarrik kantatzen ibilli. Erriak gizarte batean bizitzera esnatu bear du".

1963an bertan eman zuen jendaurreko lehen saioa, Donostiako Antigua auzoko parrokian. Ondorengo bi urteetan, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta abarrekin ibili zen han-hemenka kantari, eta segidan Ez Dok Amairu taldean sartu zen. 1966ko urtarrilaren 9an Hernanin eta 23an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako lehen emanaldietan abestu zuen, baita martxoaren 6an Irungo Bellas Artes antzokian egin zen Ez Dok Amairuren aurkezpenean ere, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Jose Antonio Villar, Biurriak eta Oleskariak zortzikotearekin. Garai hartan ehunka emanaldi egin zituen Lekuonak, gehienetan taldearekin eta inoiz bakarka. Halaber, euskarazko kantagintza modernoa sustatu nahian, atzerriko kantu ezagun ugari euskaratu zituen, Juan Mari Lekuona anaiarekin batera, eta orduko kantari gazteen artean banatu. Lekuonak euskaratutako kantuak grabatu zituztenetako bat Jose Antonio Villar da.

Caracasen (Venezuela), Discos Gudari zigiluarekin argitaratu zizkioten lehen bi disko txikiak, Egia n. 1 eta Egia n. 2, Julen Lekuonak berak ezer jakin gabe, ezta grabatu zituenik ere. Horrek haserrea piztu zion. 1965ean gertatu zen hori. Bertan daude bere kantu ezagunenetako batzuk: "Eliza pobrea" -Ez Dok Amairuk 1966ko urtarrilean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emandako jaialdian abestu zuenean, kalapita handia sortu zuen kantu horrek-, "Herri bat hiltzen", "Iltzaile bat bezala"... Azken kantu hori Madrilen (Espainia) epaituriko Alberto Gabikagogeaskoa apaizaren auzia salatzeko idatzi zuen.

Hurrengo urtean lehen disko ofiziala grabatu zuen Bilbon, Cinsa diskoetxearekin. Poliziak ale guztiak bahitu zituen, "Iltzaile bat bezala" kantuan "tiroak gogoan" esaten zuelako. Auzia ez zen hor amaitu. Hilabete batzuk geroago, Azkoitiko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen kantu horren harira. Zigor gisa, gitarra kendu egin zion Guardia Zibilak, eta ez zuen berreskuratu Franco hil arte, hamar urte geroago. Bigarren disko txikia 1968an grabatu zuen, Bartzelonan, hango zenbait musikariz lagunduta. Jose Mari Altuna musikari azpeitiarrak egin zizkion harmonizazioak.

1972an apaiz izateari utzi zion, eta Ez Dok Amairu desegin ondoren bakarka jarraitu zuen kantuan, baina laster Xabier Lete eta Antton Valverderekin elkartu eta bertso zahar eta berriz osaturiko emanaldiak eskaintzen hasi zen. 1974an Donostiako Antzoki Zaharrean eman zuen lehen jaialdia hirukoteak, eta Bertso zaharrak disko arrakastatsua (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen. Urte hartan, Kontxita Rekalderekin ezkondu zen. Azpeitian jarri ziren bizitzen; bi seme-alaba izan zituzten, eta ondoren Irunera aldatu ziren, aurrezki kutxa batean lana aurkitu zuelako Lekuonak.

Kantaldiak emateari utzi zion, baina ez guztiz eta erabat. Badok hamalau izeneko emanaldia egin zuen Ondarroan 1998an, Ganbelu zaharra Oiartzunen 1999an, Mixel Labegerieren omenezko ekitaldian parte hartu zuen 2000n Kanbon, eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aritu zen 2002an. Disko bat grabatu nahi zuela esana zien gertukoei, baina ezin izan zuen asmoa gauzatu. 2003ko uztailaren 19an hil zen, zangoetako tronbosiak jota, Donostiako Poliklinikan zegoela.

Hautsi ez dedin katea liburuxkan (Egan, 1999) bilduta dago Lekuonak utzitako kantutegi oparoa. Halaber, hil ondoren omenaldi hainbat jaso zuen. Aizpurutxo auzoak egun osoko omenaldia egin zion 2003ko abuztuaren 31n, eta Oiartzunen kantaldi bat antolatu zuten 2004ko azaroaren 13an Elorsoro kiroldegian, Xabier Lete, Antton Valverde, Jabier Muguruza, Alaitz Telletxea eta Mikel Errazkinekin. Artista horiek eta beste batzuek hartu zuten parte Itsasoan urak handi dire diskoan (Hirusta, 2004), Julen Lekuonaren omenez.

Diskografia

  • Bertso zaharrak. (1974) Xabier Leterekin eta Antton Valverderekin.
  • Itsasoan urak handi dire (omenaldia). (2004).

ITURRIA: Wikipedia.

Eta hemen informazio gehiago: Bidegileak - Julen Lekuona.

 
Gabiri-Legazpi :: Bestelakoak
Kimuberri aterpea

Osatzeko.

 
Gabiri-Legazpi :: Bestelakoak
Legazpi

Testua prestatzen ari gara.


Hasiera  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 2 / 4) |  Hurrengoa  |  Amaiera



Bibliografia

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.

  • Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran

  • Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).

  • Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).

  • Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).

  • Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).

  • Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).

  • Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).

  • Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).

  • Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).

  • Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).

  • Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).