2005/05/23

Beitia 2005. Biharamuna.

Aurreko igandean, maiatzaren 22an Iñaki Beitiaren omenezko Mendi-martxaren 9. edizioa ospatu genuen.

Mendian ibiltzeko eguraldi ezin hobearekin, 1.053 lagunek (horietarik 283 emakumek) gurekin mendi-ibilaldi ederra egiteko erabakia hartu zuten. Orain arte ospatu ditugun 9 edizioetatik, partaidetza-kopuru handiena duen edizioa izan da, eta antolakuntzak egindako aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri zituen. Hau dela eta, azkeneko egunean, irteera baino lehenago izena eman zuten lagunei eztitsuki belarriak berotzeko aukera ez dugu galdu nahi: 338 lagun izan baitziren guztira, gehienak Urretxu eta Zumarragako kideak, azkeneko momentuan izena emandakoak.

Izena eman zuten lagun guztietatik, 615 Urretxu-Zumarragakoak ziren. Gainontzekoak, gehienbat inguruko bestelako herrietatik zetozen; hala ere Gasteiz, Bilbo, Leioa, Getxo, Sestaotik... etorritako jendea izan genuen, baita Nafarroa eta Lapurditik ere. Bitxia izan zen Aguraindik jaso genuen 18 lagunen bisita, bertan bizi diren Urretxu-Zumarragako hiru lagunek bultzaturiko proposamenari esker etorri ziren-eta. Aurten ere ez zen falta Madrildik etorritako neska mendizalea... egun batzuk libre hartzen baititu urtero festa honetan parte hartzearren...

Goizeko 6etan, oraindik egingo ote zuen eguraldiaren beldur, 236 mendizalek 50 kilometro baino gehiagoko eta 2.500 metro gainbehera zuen ibilaldiari ekin zioten, geroago helmugan esango zigutenaren arabera azkeneko urteotan antolatu izan den mendi-ibilaldirik zailenetako eta gogorrenetako izan delarik.

Antiorantz irten eta Beloki igo behar zuten, geroago Atxurza eta Kizkitzatik joanez, lehenengo anoa-postua Mandubiko gainean zegoelarik. Murumendiko lehen kontrola igaro ondoren, Matxinbentara egindako jaitsiera gogorrari ekin zioten. Hemen mendizaleek indarrak errekuperatzen saiatu ziren, oraindik Izazpi gainerako aldapa beldurgarria igo behar baitzuten: bertatik utzitako sufrimendua dela-eta, mendizale batzuk ez dute denbora luzean aldapa hau ahaztuko. Kontrola gainean eta anoa-postua Pagotxoetan, geroago Aizpurutxora iristeko non bertako bizilagunek partehartzaileak berrindartzeko ahalegin guztiak egiten dituzten. Oraindik Trekutz eta Irimora igotzeko aldapak egin gabe geratzen zitzaien eta azkeneko jaitsiera helmugara oin eta zangoak sufriaraziz. Ibilbidea gogorra zenaren testigantzak jaso ditugu helmugan: beraietako batzuk ibilaldi-luzea laburtu eta etorkizunean bidegorri izango den bidetik itzuli ziren Aizpurutxotik helmugara. Dena dela, mendizale batzuei pairatutakoak eramangarriago egin zitzaien Urretxuko frontoian masailariek emandako laguntzari esker.

Goizeko 8etan, erlaxatuago, 800 lagun baino gehiagok Beloki eta Izazpirako bideari ekin zioten. Geroago Pagotxoetatik igaro (bertan anoa-postua), Samiño, Oleta (Trinitate eguneko erromeria ospatzen zutelarik) eta azkenik Aizpurutxora jaitsi zirelarik. Badute aizpurutxoarrek meritu handia, izan ere, 1.000 lagun baino gehiagori jaten emateko gai izan baitziren igandeko jardunaldian. Hemendik abiatuta, Urola trenbide zaharraren (gure Trenaren) bidetik eta bidegorritik itzuli ziren mendizaleak Areizaga/Kalebarren enparantzara.

Ohi den bezala, batzuk mendi-martxa lasterketa bezala hartzen dute: bai ibilaldi luzean zein laburrean neurriz gaineko denbora oso laburrak egin ziren. Baina gehienek mendiaz disfrutatzeko eta, giroaz, ibilbideaz eta lagunez gozatzeko etorri ziren. Ibilbide luzea betetzeko batezbesteko beharrezko denbora 9-11 ordutan izan zen, eta 5-6 ordu ibilbide laburrerako.

Elastikoen zenbait neurri amaitu ziren. Falta direnak laster ekarriko ditugu eta noiz etorriko diren informazioa pertsonalki emanda, herriko prentsaren bidez eta webgune honen bitartez ere izango duzue laster. Pazientzia pixka bat izan dezazuen eskatu nahi dizuegu...

Helmugan galdutako zenbait gauza agertu ziren: graduatutako betaurreko batzuk, bisera bat, elastiko termiko bat eta zakurra lotuta eramateko uhal bat. Ez zaizue antolakuntzarekin harremanetan jartzeko zail izango. Webgune honetako posta elektroniko helbidera, beherago orri honetan deskribatuta, idatziz egin dezakezue.

Ibilaldia ondo atera zedin era batean edo bestean laguntzen aritu diren ehun lagun baino gehiagori eskerrak eman gabe ez genuke amaitu nahi. Datorren urtean X. edizioa egin ahal dugunaren bermea badugu, laguntzen aritu diren kolaboratzaileak dira-eta.

Eta partehartzaileei bakarrik gauza bat: eskerrik asko etortzeagatik! Iñakiren oroimenak gure artean iraun dezala.

Antolakuntza.


Editore erabiltzailea: admin |  Permalink