2018/05/21

Biharamuneko datuak (2018 - 22. edizioa)

Igandean, eguraldia lagun, mila mendizale baino gehiago elkartu ziren 30 kilometro luze eta 1600 m-ko desnibela zuen ibilaldian parte hartzeko. Lehen ordutik Areizaga-Kalebarren plaza jendez bete zen; 237 pertsonak egin zuten izen-ematea egunean bertan.

Izena emandako parte-hartzaileak 1093 izan ziren. Horietatik 605 Urretxu eta Zumarragakoak. Inguruko herrietatik ere jende asko hurbildu zen: Azpeitiatik 39, Legazpitik 55, Ormaiztegitik 25, Beasaindik 15 eta Donostiako, Ordiziako, Oñatiko, Tolosako, Bergarako... lagunak ere izan genituen gure artean. Aipagarria da, urtez urte Azkoitiatik geroz eta parte-hartzaile gehiago ditugula. Aurtengoan 148 izan dira. Era berean, Nafarroatik eta Iparraldetik ere bisitariak izan genituen. Datu bitxi gisa, Hannover (Alemania), Bartzelona, Granada, Burgos, Miranda... herrietatik etorritako lagunak ere izan genituen.

Emakumeak 352 izan ziren (% 32), urtetik urtera handitzen doan kopurua.

Iñaki oroitzeko hitz batzuen ondoren, ohiko puntualtasunarekin eman zen irteera. Antio aldera abiatu ostean, Belokirako bidea hartu zuten mendizaleek Aizpuru baserritik, inoiz ibili gabeko bideetatik. Bertan, Goierri mendi taldeko kideen eskutik lehen zigilua jaso eta Pagotxetara jo zuten ondoren, baina Izazpiko ohiko bidea hartu beharrean, paraje berriak ezagutuz, Udako txabolatik joan ziren. Pagotxetan lehen anoa-postuarekin egin zuten topo mendizaleek. Bolondres askok lehen eguna zuten, baina ongi moldatu zirenez, errepikatzeko prest agertu dira.

Indarrak hartuta, erraz iritsi ziren parte-hartzaileak Samiñoko kontrolera. Hemen ere arduradun berriak genituen, baina beteranoen aholkuei jarraituz ez zituzten Sugusak ahaztu eta gustora aritu ziren lanean. Oleta atzean utzita, Aizpurutxorako jeitsiera zuten aurretik. Mendi-martxaren erdigunea da Aizpurutxo, eta giro berezia egoten da bertan. Josemariren agindupean, bertako auzotarrek salda, lukainka eta beste hainbat jan-edan prestatu zuten hurbildu ziren lagun guztientzat.

Bertatik, batzuk bidegorritik itzultzea erabaki zuten. Itzulera arintzearren, Aginagako auzotarrek anoa-postu txiki bat prestatu zuten hauentzat. Gainontzekoak, markatutako bidetik, aldats pikoa gaindituz Elosura heldu ziren. Eskerrak Agostondo baserriaren parean quadeko urketaria zain zutela !!! Santutxu eta Gorla kateatu ostean, Trekutzera iritsi ziren mendizaleak. Ohiko boluntario taldeak hirugarren anoa postua prest zuen ordurako. Zazpi puntak zeharkatutakoan, urtero bezala, Urratetarrak zituzten zain Irimoko kontrol gunean. Gurutzetik, zuzenean helmugara.

Hiru orduren buruan iritsi ziren lehendabizikoak. Ia-ia, helmuga prestatzeko denborarik ere ez genuen izan! Banaka edo taldean, 909 mendizale igaro ziren helmuga marratik. Indarrak berreskuratzeko, nahi adina jan eta edan prestatu zuten sukaldariek. Aurten, Kataluinako herriari elkartasun adierazpen moduan pan tumaca izan genuen mokadu berezia gisa.

Ustekabeko zozketa antolatu geuen helmugan. Herriko kirol dendetan baldintza-ekonomiko onuragarrietan lortutako (mila esker beraien babesagatik!!) mendirako materiala egokitu zitzaien azken zigilua jasotzean ordenagailuak ausaz erabakitako mendizaleei. 50 bat opari banatu genituen.

Giro ederrean, ibiltzeko eguraldi bikainarekin eta apenas gertakari aipagarririk gabe (Gurutze Gorrikoek gazte bat eraman behar izan zuten ospitalera bihurdura baten ondorioz) igaro genuen eguna. Mendi Martxan debutari genuen azkoitiak lagun talde batek antolatzaileak zoriondu eta datorren urtean elkar ikusiko dugula ziurtatu ziguten; Oleta inguruan paseatzen zebilen legazpiar emakume bat, ibiltarien aldarte ona ikusirik, Martxarekin bat egitea erabaki eta izen-ematea amaitzean egin zuen...

Parte-hartzaile guztiak zoriontzea besterik ez zaigu geratzen, urtez urte Iñaki Beitiaren Omenezko Mendi Martxa hau festa egun handia izatea lortzen dutelako.

Eskerrak lanean, bolondres, aritzen diren guztiei. Asko eta asko Iñakiren senitarteko eta lagunak, badakigunak, gure artean egongo balitz, lanean arituko litzatekela. Bejoindeizula, Iñaki, datorren urtera arte!


Editore erabiltzailea: admin |  Permalink |  Erantzunak (0) |  Erantzun mezu honi
Kontuan hartu zure posta elektronikoa eta URL-a ez direla webgunean publikatuak izango.

 Blogean publikatzeko formularioa
Izena:
Posta elektronikoa:
URL:
Artikuluaren izenburua:
Idatzitako testua:
Testuaren gorputza nola idatzi:

Testu egituratua zer den jakiteko egin klik hemen [>>]

Zure datuak sartu baino lehen, irakur ezazu WEBgune honen Pribatutasun Politika.